Astelehenean hasiko da IzanBeDigital ikastaroa

Ikastaroak 148 ordu iraungo ditu, eta Internetez eskainiko dute. Saioen helburua da datu masiboak behar bezala prozesatzeko konpetentzia teknikoak eskuratzea. Izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta ostiral honetan egingo da ikastaroaz informatzeko saioa, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Urola Kostako Udal Elkarteak IzanBeDigitala ikastaroa antolatu du hirugarrenez, eta urriaren 10etik –datorren astelehena– abenduaren 2ra izango da, online. Guztira 148 orduko ikastaroa da, eta zabalik dago izena emateko epea. Ostiral honetan, urriak 7, ikastaroari buruzko informazioa emateko bilera egingo dute udal elkartearen egoitzan.

Ikastaroan datuak bistaratzeko eta tratatzeko prozesuari buruzko ikuspegi orokorra eskainiko da, eta, bereziki, enpresek beren Big Data estrategia definitzerakoan kontuan hartu beharreko alderdietan sakonduko da. Horretarako, informazio trukaketa, prestakuntza eskolak eta tutoretza saioak uztartuko dira.

Antolatzaileen arabera, ikastaroan parte hartzeko ezinbestekoa da Lanbide Heziketako goi mailako zikloa edota unibertsitateko ikasketak edukitzea eta excell tresna erabiltzen jakitea.

Izena emateko epeak eta moduak

Izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta hainbat bide daude horretarako. Aurrez aurre egin daiteke eskaera udal elkartearen egoitzan (Abendañon, Zarautzen), edo Internetez, udal elkartearen egoitza elektronikoaren bidez.

Informazio gehiago jasotzeko, berriz, 943-89 08 08 telefono zenbakira dei daiteke, edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!