Lur Errekondok irabazi du emakumeen Gipuzkoako lehendabiziko Harri jasotze Txapelketa

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 9a, 16:43

Aiako probalekuan herri kirol jaialdi interesgarria izan da gaur eguerdian. Gipuzkoako txapelketak jokatu dituzte hiru modalitatetan: gizonek lokotx biltzen, emakumeek harri jasotzen eta emakumeek aizkoran. Aizkoran, Nerea Arrutik jantzi du txapela; eta lokotx biltzen, Jon Larrañagak.

Gaur eguerdian Aiako probalekuan izan den herri kirol jaialdian, Gipuzkoako txapelketak lehiatu dituzte hiru modalitatetan: gizonek lokotx biltzen, emakumeek harri jasotzen eta emakumeek aizkoran. Emakumeetan, harri jasotzen eta aizkoran Gipuzkoako txapelketak jokatu dituzten lehendabiziko aldia izan da gaurkoa, eta nabarmentzekoa izan den parte hartzea, batez ere, harri jasotzen, sei lagun aritu baitira nor baino nor.

Harmailetatik dozenaka herritar begira zituztela, 12:00ak puntuan ekin diote jaialdiari, lokotx biltzearekin. Bost parte hartzaile iragarri bazituzten ere, lau aritu dira nor baino nor, eta 50 lokotx biltzen azkarrena, beste behin, Jon Larrañaga izan da. Sei minutu eta 48 segundo behar izan ditu. Bigarren Iraitz Ferreira gelditu da zazpi minutu eta lau segundoko denborarekin; laugarren, Gotzon Iruretagoiena aiarra, zazpi minutu eta hamalau segundorekin; eta laugarren, Mikel Osoro, zazpi minutu eta 30 segundorekin.

Jarraian, aizolarien txanda izan da. Nerea Arruti, Irati Astondoa eta Laiene Pikabea ziren elkarren kontra lehiatzekoak, baina azkenean, Pikabeak ez du parte hartu; horrenbestez, buruz buru jolkatu dute Arrutik eta Astondoak. 36 ontzako bina enbor eta 45 ontzako beste bina ebaki behar izan ditu bakoitzak, eta denbora gutxien behar izan duena, eta horrenbestez, Gipuzkoako txapeldun gelditu dena Nerea Arruti izan da. Bederatzi minutu eta 39 segundo behar izan ditu lanak bukatzeko; Irati Astondoak, berriz, 11 minutu eta 35 segundo.

Eta aizkolariei, harri jasotzaileek hartu diete lekukoa. Sei emakume jardun dira buruz buru: Lur Errekondo, Lierni Osa, Ane Zinkunegi, Ainitze Zumeta eta Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez oriotarrak. Hiru harri altxatu behar izan dituzte, harri bakoitzarekin hiruna minutuko txandak eginda: 62,5 kiloko zilindro zaharra, 62,5 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko bola. Helburua, ahalik eta altxaldi gehien egitea.

Lanak bukatuta, jasoaldi guztien batuketak egin dituzte epaileek, eta zenbakiek emaitza argia erakutsi dute: 71 altxaldirekin, Errekondo izan da irabazlea, eta ondorioz, bera da Gipuzkoako txaplelduna ere. Bigarren lekua Zumetarentzat izan da, 59 jasoaldirekin; hirugarrena, Osarentzat, 49rekin; laugarrena, Sanchezentzat, 48 jasoaldirekin; eta bosgarren eta seigarren postuak Ostolazarentzat eta Zinkunegirentzat izan dira, hurrenez hurren, 48na jasoaldi eginda.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!