Energia herritik herriarentzat

Erabiltzailearen aurpegia AlazneArruti 2022ko urr. 1a, 09:00

Alazne Arruti Goiener elkarteko kideak urriko KARKARA aldizkarirako idatzitako artikulua da honakoa:

Badirudi energia dela fisikarien eta ingeniarien asmakizun bat. Hilero-hilero fakturan ordaintzen dugun anabasaren muina. Baina, egiazki, zer da energia? Aurrekoan lagun batek zioen lagunek, familiak, musikak, besarkadek eta goxotasunak ere ematen digutela energia. Baina horiek nekez neur daitezke zenbakitan.

Energia ezinbestekoa bilakatu dugu gure bizimodua elikatzeko. Sukaldean aritzeko, garbiketarako, arropak egiteko, beroketarako eta hozketarako, mugitzeko... Argia joan eta bizitzarekin jarraitzeko ezdeus sentitzen gara.

Energia gure ingurutik lortzen dugu, naturako erregai naturalak —egurra, ikatza, lastoa, gasa— eta ziklo naturalak —haizea, ibaietako ura, eguzkia eta abar— baliatuta. Baina, denboraren poderioz, gure beharrak konplexuagoak bihurtuz joan dira, eta egun, gure ekintza gehienak argindarraren, gasolinaren, gasolioaren eta abarren bidez asetzen ditugu. Zer ari da gertatzen, ordea, energiaren prezioarekin? Zerbait ulertzekotan, komenigarria da argindarraren merkatuaren inguruko ideia nagusiak ezagutzea.

Merkatu horretan, egunero, hurrengo eguneko ordu bakoitzeko argindarraren prezioak finkatzen dira, eta estatu mailan, eredu marginalista deritzona erabiltzen dugu. Demagun bost lagun elkartu eta merkatura goazela tomateak erostera. Bakoitzak argi du gehienez zer prezio ordaintzeko prest dagoen: hiru euro, hamar euro, 25 euro, 40 euro eta 60 euro ordainduko dutela esan diote bitartekariari. Bada, gaurkoan, soilik hiru tomate daude. Nekazarietatik lehenak hiru euroan eskaintzen du; bigarrenak, sei euroan; eta azkenak, 25 euroan. Azken tomatea 25 euro ordaindu denez, hori baino gutxiago ordaintzeko prest zeudenek ez dute tomaterik eskuratu. Gainerakoek, aldiz, gehiago ordaintzeko prest egon arren, 25 euro ordaindu dute, eta, horrenbestez, nekazari guztiek tomate bakoitzagatik 25 euro jasoko dituzte.

Ziurrenik, zentzurik ez duela pentsatuko duzue; baina, itxaron. Izan ere, badakizue zein den arazorik larriena? Lehen, merkatu horretako prezioen muga megawatt orduko 0 eta 180 euroen artean ezarrita zegoen; baina, iaz, Espainiako Gobernuak moldatu egin zuen Europako gainerako merkatuetara parekatu beharra argudiatuta, eta egun, 500 eta 3.000 euro artekoa da muga. Eta, badakizue zer gehiago? Gaur egun, ekoizle bakoitzaren eskaintza prezioa ez dagoela mugatuta argindarra sortzeko izan dituen gastuen arabera. Ondorioz, ura eta eguzkia baliatzen dituztenek edo ikatza eta gasa erretzen dituztenek prezio berean eskain dezakete argindarra.

Aitortu beharra dago Errusiaren eta Ukrainiaren arteko gatazkak merkatuan eragin duela, gasarekiko eta energia ez berriztagarriekiko menpekotasun izugarria baitugu. Baina, kontua harago doa: gasa erretzen duten gorbatadun eta politikariek ura baliatzeko instalazioak jabetzan dituzte, eta prezio garestienak ezarri dituzten teknologietako bat hidroelektrikoa da. Gasa erretzearen prezio berean, guztion ura pilatu eta nahi dutenean askatu dezakete betikoek, euren mesedetan.

Orduan, zer? Horri guztiari aurre egiteko, elkarren artean batzea da aukera. Merkatuarekiko independente izateko, lekuan lekuko eta gure baliabideen araberako energia sortzea, eta gutxiago kontsumitzeko neurriak hartzea. Gure teilatuak bizilagunekin partekatzeko prest egotea. Hori sustatzeko, energia komunitateak eratzen hasi dira gure inguruan. Herritarrak, udalak, elkarteak, enpresak, herritar zaurgarrienak... Denak lankidetzan, behetik gorako ekimenak sortzen. Baina, kontuz, horretan ere betikoak hozkaka hasita baitaude. Egin dezagun energia, herritik eta herriarentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!