Tokikomek 10 urte

Hamarkada bat tokikoak saretzen

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 08:00

Euskarazko komunitate zabalarentzat erreferentziazko komunikazio talde izateko helburuarekin sortutako Tokikomek, euskarazko tokiko komunikabideen sareak, sorreraren urteurrena ospatuko du gaur, ostirala, ArantzazuLABen. Egindako ibilbidea aitortu eta bazkideen aniztasuna txalotuko dituzte ekitaldian. Hain zuzen, ibilbide honetako hainbat bidelagunen iritziak bildu dira ondorengo erreportajean.

Euskararen normalizazioaren bidean hamarkada oparoa izan zen 1980koa, orduan sortu baitziren herri askotan euskara elkarteak eta euskararen erabilera sustatzeko lehen herri aldizkariak. 90eko hamarkadan etorri zen jauzia, 40 elkarte inguruk euren tokiko komunikabideak sortu zituzten eta. Hego Euskal Herriko elkarteen eta tokiko komunikabideen indarrak batu eta arazoak elkarrekin konpontzeko helburuarekin sortu zen, 1993an, Euskaltzaleen Topagunea, eta, haren baitan, Hedabideen Saila ere martxan jarri zen.

Sektorearen behar bereziei modu eraginkorragoan erantzuteko beharrak, ordea, Hedabideen Sailari izaera propioa ematea eskatzen zuen, eta horren ondorioz sortu zen Tokikom, 2012an.

Komunikazio Taldea

Hasieran tokiko komunikabideak taldekatzeko marka gisa sortu bazen ere, egitasmo trinkoa eta indartsua da hamar urteren ostean. Egun, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom Komunikazio Taldea, eta, guztira, 76 hedabide kudeatzen dituzte: 32 webgune, 28 aldizkari, bost telebista eta bederatzi irrati. Hain zuzen, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan eta Euskal Herri osoko 307 udalerritara iristen dira.

Egindako ibilbidearen nondik norakoak ezagutu eta Tokikom osatzen duten bazkideen aniztasunari balioa emateko asmoz, urte hauetako protagonisten hitzak jaso dira ondorengo lerroetan.

"Sorreratik ditugu hedabideak erdigunean"

Jasone Mendizabal (Topaguneko zuzendaria)

Ehunka euskara elkarte eta euskaltzale taldek osatzen duten Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek euskararen normalizazioaren estrategian tokiko komunikabideek izan duten garrantzia azpimarratzen du: "Topagunea sortu zen momentutik egon dira komunikabideak erdigunean. Ez da kasualitatea Topagunearen lehen izena Euskara Elkarteen eta Herri Aldizkarien Federazioa izatea".

1997an sortutako elkartearen lehen egiteko nagusiak euskara elkarteen saretzea, euskarazko kultur eskaintza sustatzea eta euskarazko hedabideen aldeko apustua artikulatzea izan ziren. "Arloka eta proiektuka antolatzen ginen orduan. Hedabide saila gure esparru kuttunenetakoa zen. Bagenekien euskal hiztunok eta komunitateak egunerokotasunean euskaraz funtzionatzeko ezinbesteko papera betetzen zutela hedabideek. Garai hartan, herri komunikabideek paperezko prentsan jarri zituzten euren indarrak. Bakoitza bere herrian antolatzen hasi zen, ahal izan zuen moduan. Askorentzat oso zaila izan zen, ia ikusezinak baitziren. Honek tokiko komunikabideak sektore bezala antolatzea eta aintzat hartzea ezinezko bihurtzen zuen, eta erakundeekin harremanetan jartzeko solaskidetza bateratuaren ideiari bueltaka hasi ginen, beroni forma ematen. Tokikom izango zena garatzeko oinarri nagusiak jarri ziren orduan".

"Elkarlanerako gune baten beharra zegoen"

Mikel Irizar (Tokikomeko lehen lehendakaria 2012-2014)

2011. urtean hasi zen Tokikom gorputz propioa izaten. Topaguneko lehendakari zen Mikel Irizar Tokikomeko lehendakari bihurtu zen orduan, komunikabideen sektoreak bizi zuen egoeraren aurrean antolatu eta artikulatzeko premiak animatuta. Irizarren hitzetan, Tokikom sortzea premiazkoa zen. 90eko hamarkadaz geroztik euskara elkarteak eta tokiko komunikabideak sortuta zeuden, baina "bakoitza bere herrian antolatzen zen, tarteka eskualde mailako proiektuak ere sortu ziren arren. Bilakaera handiko esparru honetan, ordea, txikiegi gelditutako asko eta asko ere bazeuden. Tresnak konpartitzeko eta publizitatearen gaiaz hausnartzeko behar handia zegoen. Elkarlanerako gune berri baten beharra genuen".

Herri honetan ahuleziak batuz gauza asko egin direla eta Tokikom horren adibide dela dio Irizarrek: "Ahulezietatik indarra ere atera daiteke, lankidetzarako ikuspegia eta borondatea badago. Tokikomen sorreran ahuleziak bazeuden, baina baita indarrak ere. Goienaren esperientzia ezagutzen genuen, eta taldekatzeak zekartzan abantailak ere bai. Euskal komunikabideen sektorea bi solairuko etxe bat bezala irudikatzen hasi ginen: behean tokiko komunikabideak, herritarrekin batera informazioa lantzen; bigarren solairuan, nazio mailako medioak; eta tartean, bien arteko igogailuak. Hamar urteren ostean, formulazio honek egokia izaten jarraitzen du".

"Larritasun ekonomikoak ere batu gintuen"

Inazio Arregi (Tokikomeko lehen zuzendaria)

Goiena Komunikazio Taldeko zuzendaria zen 2012an Inazio Arregi, Tokikomeko lehen zuzendari bihurtu zenean. Bi karguei batera erantzutea egokitu zitzaion elkartearen lehen urteetan.

Krisi ekonomikoak Tokikomen sorreraren beharra azkartu zuela nabarmendu du Arregik. "Nahiz eta ordura arte erakundeek euskarazko komunikabideetan jartzen zuten publizitatea oso txikia izan, hor ere beherakadak etorri ziren. Dirulaguntzak murriztu egin ziren eta larritasun horri erantzuteko asmoz hasi ziren hedabideak batzen; tokiko hedabideak ez ezik, euskarazko hedabide guztiak. Bi egitasmo paralelo sortu ziren orduan: batetik, Hekimen, herri ekimeneko euskarazko komunikabideen sarea; eta, bestetik, Tokikom, tokiko komunikabideen taldea".

Elkarlana esparru askotan izan zela dio Arregik, eta digitalizazio prozesuak beharrezko zuen formakuntza gakoa izan zela. "Jendeak bazuen kezka digitalizazioaren aurrean ea nola kokatuko ginen. Plataforma digital komuna garatu genuen, eta gaurkotasuneko gaiak jorratzeko aukera ematen zuen. Horrek egunerokotasunera jaitsi beharra esan gura zuen. Prestakuntza eta plataforma digital bateratua martxan jartzeak argi asko piztu zituen. Gure produktuak homogeneizatu eta hedabide ezberdinak taldekatzeko bidea zabaldu zen horrela".

"Tresna komunak sortzeko apustua egin zen"

Josu Azpillaga (Codesyntaxeko ingeniaria)

Tokikomen sorrerako lehen apustua tokiko komunikabide guztientzako baliagarria izango zen plataforma digital baten garapena izan zen. Codesyntax enpresako Josu Azpillagari egokitu zitzaion tokiko komunikabideek botatako erronkari heltzea.

"Tokikom duela hamar urte etorri zen guregana. Ordurako esperientzia puntual batzuk bagenituen garapen digitalaren esparruan, hainbat hedabiderentzat webguneak, atari eta plataforma digitalak diseinatu genituen eta. Tokikometik etorritako enkargua hori dena birpentsatu eta erabilgarri bihurtzea izan zen. Puntualki egindako proiektu horietatik ikasi eta hori nola aplikatu genezakeen lantzen hasi ginen: tokiko hedabide guztiei balioko zien plataforma digital bat sortzen, hain zuzen ere. Elkarrekin ikasiz eta tresna komunak garatuz, gastuak aurrezteko aukera baliatu nahi zen horrela".

Bi eginkizun jaso zituzten Codesyntaxeko kideek: "Batetik, plataforma horren ezaugarri eta funtzio nagusiek zeintzuk izan beharko luketen pentsatzea. Horrelako hedabide digital berri batek zein atal beharko lituzkeen diseinatzen hasi ginen orduan. Bigarren enkargua diseinatu genuen horri forma ematea izan zen, bai teknologikoki eta baita funtzionalitatearen ikuspegitik ere. Denok batera talde mailan erantzutea zen xedea; betiere, azken erabiltzaile edo kontsumitzailea kontuan hartuta".

"Saretzearen alde gaude eta egonen gara"

Juan Kruz Lakasta (Euskalerria Irratiko kidea)

Euskalerria Irratia 1988an sortu zuten Iruñerriko hainbat euskaltzalek, Iruñean euskarazko irrati bat sortu eta Euskadi Irratiaren seinalea zabaltzeko helburuarekin, garai hartan ez baitzen seinalea hiriburura iristen. Hasieratik ekin zioten tokiko kazetaritza, nazio ikuspegia, funtzio publikoa zein herri ekimeneko izaera uztartu eta tartekatzeari.

"Hori dena oso bat zetorren Tokikomen izaerarekin", azpimarratzen du Juan Kruz Lakastak, Euskalerria Irratiko kideak. "Hasieratik nahiko zakur berde ginela konturatu ginen –barka erdarakada, baina oso adierazgarria da kasu honetan–. Izan ere Tokikomeko hedabide gehien-gehienak paperezkoak ziren, hiriburuetatik at garatutakoak, oso eremu euskaldunetan sortuak eta oso hizkuntza komunitate trinkoetara bideratuak". Horiek tokiko kazetaritzaren aldeko apustua egin zutela dio: "Baina gure proiektua bestelakoa izan den arren, filosofiarekin oso bat gentozen. Saretzearen alde egon gara eta egonen gara beti. Horregatik sartu ginen Tokikomen". Bakarrik ezin da Datozen urteotara begira zer espero duen galdetuta, bidea elkarrekin egiten jarraitzean jartzen du indarra. "Sare sozialetan azkenaldian esan ohi den bezala, bakarrik ezin da, lagunekin bai. Segi dezagun elkar laguntzen bidean aurrera, aldapak pikuagoak izaten baitira bakarrik zoazelarik".

"Akuilu lana egiten du Tokikomek gurekin"

Goizeder Anton (Guaixeko koordinatzailea)

Sakanako Guaixe 1994an sortu zen, unibertsitatean Kazetaritza ikasten ziharduten hiru neskaren ekimenez. Euskaltzaleekin harremanak sustatzen hasi eta elkarrekin Guaixe hilabetekaria argitaratzeaz arduratuko zen elkartea sortu zuten. Hainbat urteren ostean eta maiztasuna areagotzeko beharrari erantzunez, Oixe astekaria argitaratzeari ekin zioten 2001ean.

"Euskaltzaleekin harremanak sendoak izan dira, eta horren adierazgarri da Topaguneko kide ere bagarela hasieratik. Horri esker, gure kezkak beste hedabide batzuek ere bazituztela konturatu ginen, eta, 2012an Tokikom sortu zenerako, esan daiteke jada dinamika horretako parte ginela. Ez ginen berariaz Tokikomen sartu, sorrerako hausnarketa eta talde dinamikan parte hartzen ari ginen ordurako".

"Tokikomek sekulako babesa ematen digu", azaldu du Antonek. "Taldean aritzeak beti laguntzen du, bai publizitatean, baliabide teknologikoak negoziatzerakoan, eta abar. Babesa azpimarratu nahi dut, benetan horrela sentitzen dugu eta. Hastapenetik, orain arte".

Beste funtzio garrantzitsu bat akuiluarena dela nabarmendu du. "Askotan, gure errealitate zentratu horretatik burua altxatzen laguntzen digu, batzuetan, nahi genukeena baino erritmo azkarragoetan doazelako proiektuak. Tokikomek egiten duen akuilu lana oso lagungarria da gure errealitatetik aterarazteko".

"Ahots bateratua izatea tresna indartsua da"

Iban Arregi (Hekimeneko lehendakaria)

Tokikomek bezala, hamarkada bat beteko du aurten Hekimen elkarteak ere, herri ekimeneko euskarazko komunikabideen elkarlana bideratzeko sortutako taldeak. Hekimenek 2012an ekin zion Euskal Herriko euskarazko komunikabideen sektorea taldekatzeko prozesuari. Bertako lehendakaria da Iban Arregi, Berria-ko kidea, 2014az geroztik. Haren hitzetan, euskarazko komunikabideek indartuta dute momentuko erronkei aurre egiteko muskulua, baina beharra ere ez da nolanahikoa.

"Gurea bezalako elkarte batek izaera ezberdin eta pluralak kudeatu behar ditu, baina kontuan hartu behar da ahots bateratua izatea dela izan dezakegu tresnarik potenteena, bai administrazioari begira eta baita gizarteari begira ere. Hori tresna oso indartsua da, eta balioa eman behar zaio, askotan gutxietsi egiten dugu eta".

Hamargarren urteurrenagatik zoriondu eta datorren digitalizazio eta tsunamiari erantzuteko gaitasuna eta argitasuna izatea opa dizkio Tokikomi Arregik. Sektore barruko eragileen arteko elkarlana oso sendoa izan da orain arte, eta horrela izaten jarraituko duela uste du: "Orain arteko elkarlan horretan oraindik eta gehiago sakontzen jarraitu behar dugu, are eta gehiago saretzen. Normala den bezala, desegonkortasun egoerek kezka sortzen dute eta beldurrak mugitzeko zailtasunak eragiten dituzte, baina ea lortzen dugun denon artean aurrera egin eta pauso gehiago egitea".

"Tokiko komunikabideak esentzialak gara"

Jone Guenetxea (Tokikomeko lehendakaria 2017-2021 artean eta Anbotoko kudeatzailea)

Pandemia betean egokitu zitzaion Anbotoko kide Jone Guenetxeari Tokikomeko Lehenkaritza. "Gure jarduera esentziala zela esan zitzaigun hedabideoi. Orduan ikusi genuen gure jarduera esentziala zela, baina ez esan egin zitzaigulako bakarrik, gure irakurle eta audientzien aldetik oso erantzun ona izan genuelako baizik. Gure audientziak bikoiztu egin ziren, eta horrelako krisi egoera batean, jendeak gertuen gertatzen dena jakin gura duela konturatu ginen. Horregatik darabilgu Zero Kilometroko Komunikazioaren kontzeptua. Tokiko kazetaritza bertatik bertara egiten da, berriak eta informatzaileak dauden tokitik bertatik, eta hori, herritarrengana gerturatuz bakarrik lortzen da".

Lehendakari izan zen garaian horrelako kargu batek suposatzen duen arduraz asko galdetzen omen zioten Guenetxenari, baina "Tokikomek indarra badu ez da lehendakari bat edo bestea duelako, administrazio kontseilu bat eta Tokikomen alde lan egiteko prest dauden bazkide eta kideak dituelako baizik". Argi dauka bazkide diren hedabideek Tokikomekiko duten inplikazio eta sinergiagatik sortzen dela beronen aldeko indarra. "Karguak beharrezkoak dira, baina garrantzitsuena elkarlana eta parte hartzea dira. Hori barik Tokikom ez litzateke ezer izango. Niretzako hori da tokiko komunikabideon taldekatzeak duen indargune nagusia".

"Tokiko informazioak libreago egiten gaitu"

Isabel Octavio (EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria)

EITBren eta Tokikomen arteko lankidetzaren oinarrian nahia eta beharra dagoela uste dut Isabel Octavio EITBko ordezkariak: "Elkarren beharra dugu, eta elkarlanean aritzeko nahia dugu. Tokikomek gertutasuna eskaintzen digu eta EITBk, oihartzuna. Beraz, elkarlanean arituz gero, hain beharrezkoa dugun gertutasunik ez dugu galduko, eta mezu batzuek behar duten oihartzuna ere ez. Laster ikusgai egongo den lehen esperientzia bat izan dugu, eta nire ustez, bide berri bat ireki dugu elkarlanean aritzeko".

"Tokiko komunikazioak herri ikuspegitik duen garrantziari dagokionez bat gatoz, eta Europako Batasunak ere hala uste du, tokiko informazioak libreago egiten gaituela eta horrek demokrazian eragiten duela zuzen-zuzenean. Gure ustez, tokiko komunikabideak bultzatzen saiatu behar dugu, geu ere tokiko komunikabide bat baikara, azken batean. Informazio hori gerturatzen saiatzea dagokigu, gure herria askeago izan dadin eta gu geu ere demokratikoagoak izan gaitezen".

Tokikomek dituen erronkez galdetuta, datozen urteotan proiektua indartzea espero du Octaviok: "Ez desagertzea, Europako beste eskualde batzuetan gertatzen ari den bezala. Aliantzak behar ditugu, eta, horretarako, eskuzabalak izan behar dugu denok. Lan asko dago oraindik egiteko, baina, elkarlanean jarraitzen badugu, hamar urte hauek bezain onak izango dira hurrengoak ere".

"Euskal Herriko mapa margotzen ari gara"

Bea Aztiri eta Asier Abrisketa (Begituko kazetariak)



Tokikomen sartu den azken tokiko komunikabidea da Arratiako Begitu. 2001ean sortu zen, Zertu Elkartearekin batera, eta dagoeneko hogei urteko ibilbidea dauka. Bertako kide dira Bea Aztiri eta Asier Abrisketa. Aztirik sortu zenetik dihardu Begitun lanean; Abrisketa, berriz, Begitu Tokikomen sartu eta webgunearekin batera hasi zen bertan."Hasieran, Begitu paperezkoa zen eta hilabetekari bezala argitaratzen genuen. Gero hamabostekari izatera pasatu zen, eta, iaztik hona, Tokikomi esker, salto digitala eman ahal izan dugu. Ez gara Tokikomera horregatik bakarrik batu, ordea, tokiko komunikabideen saretze honetatik eskaintzen zaizkigun baliabideak eta besteen esperientziak ezagutzeak laguntza handia ematen baitigu", kontatu du Aztirik.

Tokikomen sartzeak ekarritako onurez galdetuta, bi azpimarratu ditu, nagusiki, Abrisketak. "Alde batetik, alde teknikotik laguntza ikaragarria da Tokikometik eskainitako plataforma gure lana aurrera eramateko. Gu kazetariak gara, ez programatzaileak. Zentzu horretan, eskaintzen zaizkigun baliabideak oso lagungarri zaizkigu. Bestalde, saretzeari garrantzi handia ematen diogu, eta Tokikomek eman digu aukera hori. Euskal Herriko mapa bat margotzea polita bakarrik ez, uste dut oso beharrezkoa dela".

"Komunikazio Taldea indartzea da erronka"

Alaitz Artolazbal (Tokikomeko zuzendaria),  Joxe Rojas (Tokikometko IKT eta komunikazio zuzendaria) eta  Iban Arantzabal (Tokikomeko lehendakaria)

Iragan urteotako erronkak ez dira makalak izan Tokikomentzako, baina datozen urteotakoak ere ez dira nolanahikoak izango. Adimen artifizialaren garapena, autofinantzaketa iturri berrien arakatzea eta komunikabideen arteko solaskidetza indartzea dira orriotara ekarri ditugun protagonisten kezkak.  Etorkizunak dakarrenaz eta erronka nagusiez jarduteko elkartu dira Iban Arantzabal, Alaitz Artolazabal eta Joxe Rojas, Tokikomeko egungo ordezkariak. 

Sorreratik Tokikomeko administrazio kontseiluko kide izandakoa, Tokikomeko lehendakaria da gaur egun Iban Arantzabal, Goienako zuzendaria. "Hamar urte hauetan, enpresa zerbitzu emaile bat irudikatzetik bazkideen enpresa bat izatera igaro da Tokikom. Gauzak egin ahala, hobetzen eta efizienteago bihurtzen joan gara, hedabide bakoitzarentzat ekarri handiagoa lantzen. Tokikomen inplikatzeak eraginkorragoa izatea dakar. Ez balego, sortu egin beharko litzateke. Komunikabideen sare batetik komunikazio talde izatera pasa gara eta gisa honetako komunikazio talde batek egin beharko lituzkeenak garatzeko funtzioa dugu. Zero kilometroko komunikazioan dihardugun tokiko komunikabideok ondo landutako aterkipe batean gaudela sentitzen dugu".

Enpresen berrikuntza alorrean urteak eman ostean hartu zuen Tokikomeko zuzendaritza, 2015ean, Alaitz Artolazabal zumarragarrak. Momentu honetako erronka nagusienaz galdetuta, komunikabide talde izatetik komunikazio talde bihurtzeko jauzia egitea dela erantzun du.

"Tokikom osatzen dugun komunikabideon arteko elkarlanean gehiago sakondu behar dela uste dut, elkarlan hori gure egunerokotasunean integratu behar dugula, bakoitzak tokikoa ondo zaindu eta lantzeko konpromisoarekin, baina zeharkako bestelako lanak ere konpartituz".

Tokikomen barruan errealitate pluralak daudela onartzen du, baina bisio bat konpartitzen dutela. "Norabide bakarrean joan eta elkarrekin apustua egiteko asmoa dago. Denok eman eta denok jasotzea da helburua, bai mapa osatzen joateko eta baita talde izaera indartzeko ere. Etorkizuneko leiho globalean, gertuko komunikazioan beti gertu izango gaituzue". Tokikomek bere ibilbidea hasi zuenetik teknologia berrietara egokitzeko ahalegin berezia egin du. Horren arduradun nagusia izan da Joxe Rojas, Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendaria.

Etorkizunaz galdetuta, bi erronka handiren aurrean gaudela azpimarratzen du: "Batetik, datuen mundua dugu. Horien ustiaketari esker jakin ahal izango dugu erabiltzaileari zer interesatzen zaion, denbora non pasatzen duen, eta horri esker erabakiak errazago hartu ahal izango ditugu. Bestetik, azken urteotan mahai gainera etorri zaigun adimen artifizialaren gaia ere badago. Ildo honetan, ezin dugu itzulpen automatikoa ahaztu; izan ere, honek eszenatoki guztiz berri baten aurrean jarriko gaitu. Euskalgintza moduan zer paper betetzea dagokigu? Ez dakit erronka hauei heltzerakoan asmatuko dugun edo ez, baina radarra, behintzat, piztuta daukagu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!