Iritzia: Hitzez ekiteko garaia

Ane Gurrutxaga Roteta 2022ko abe. 18a, 09:07
Euskaraldiaren txokoa jarri zuten Orion, Kale Nagusiaren hasieran.

Ane Gurrutxaga Rotetak iritzi artikulua idatzi du abenduko KARKARAn, Euskara atalerako. Orain irakurgai dago sarean.

Honezkero jakingo duzuenez, Euskaraldiaren hirugarren edizioa egin da azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Baina, zertarako balio du Euskaraldiak? Ez al dugu, bada, egunero, urteko 365 egunetan, euskaraz hitz egiten? Bai, gutxi batzuek bai. Hala ere, ez pentsa aukera hori euskal herritar guztiek daukatenik.

Kontuan izan euskaldun denok ez garela gune euskaldunetan bizi; gutxik daukate, oriotarrok, konparazio batera, daukagun zortea, gure hizkuntzan urte guztian bizitzeko. Noiz ohartu nintzen horretaz? Duela urte askotxo.

19 urterekin lehenengo aldiz gaztelania hutseko ikasketak egitea suertatu zitzaidanean konturatu nintzen egoeraz. Nire gune euskaldunetik urrundu nintzen lehenengo aldia zen, eta gehienekin gaztelaniaz hitz egin beharra zegoen, ez neukan beste aukerik komunikatu nahi banuen. Euskaraz ez zekien ikaskide batekin izandako hizketaldia da ondoren azalduko dudana. Bistan denez, nire jarioa ez zen oparoena; berehala ohartu zen lagun hori. Honela esan zidan: "¿Tú que hablas? ¿El %50 en euskara y el otro %50 en castellano?" Eta nire erantzuna hau izan zen, hitzez hitz: "No, el 95% en euskara y el 5% en erdara, porque ahora mismo estoy hablando contigo". Oreretako mutil hark ez zuen uste %95 euskaraz bizitzeko aukera hori izan zitekeenik ere; horrek harritu ninduen gehien.

Gogoan dut, era berean, Oribarzarreko kanpalekuan begirale lanean nenbilela, Gasteizko haur bati entzun niona. Donostiara trenez gindoazen egun pasa, eta honela esan zuen mutiko hark harridura aurpegia jarrita: "Hemen haur eta zaharrek euskaraz hitz egiten dute!". Berak gaztelaniaz esan zuen. Orduan ohartu nintzen niretzat ohikoa zena ume harentzat, behinik behin, ez zela.

Gasteizeraino joan gabe, probintziatik atera gabe ere, egoera bera aurki dezakegu lasai asko. Esate baterako, gerturago geratuta, Irunen. Han, Euskaraldian jendea gehiago animatzen da hitz egitera. Izan ere, urtean zehar ausartzen ez direnek ere lehenengo hitza euskaraz egiteko aukera gehiago dituzte aurrekoak entzuteko prest daudela jakinda. Belarriprest edo ahobizi txapa paparrean ikusiz gero, badakite: "Aurreko bizilagun, dendari edo ezagun/ezezagun honekin nire hizkuntza praktikan jar dezaket!". Izan ere, irundar askok ez dakite euren ingurukoek ulertuko dieten edo, gutxienez, bi hitz euskaraz egiteko gai diren ere. Euskaraldiak, ordea, horretarako aukera ematen die.

Horrekin guztiarekin, zer argitu nahi dut? Euskaraldia euskal hiztunak berreskuratu edo hizkuntza ohiturak aldatzeko garaia dela. Lehen aipatu dudan moduan, gure esku ere badago ausartzen ez diren horiei bultzada ematea. Apustu egingo nuke, Orion ere bultzada jaso nahi duen norbait egongo dela. Tira dezagun sokatik atrebitzen ez diren horiek erakartzeko. Lagun diezaiegun guk adina aukera ez duten horiei!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!