PAPEREKOA

Beharrezkoa da Euskaraldia

Miriam Garcia 2023ko urt. 7a, 17:00
Euskaraldiko txokoa jarri zuten Orion, Kale Nagusiaren hasieran. (Aiora LarraƱaga)

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egin zen Euskaraldia, eta Miriam Garcia Aiako eta Orioko koordinatzaileak egitasmoaren balorazioa egin du urtarrileko KARKARArako Euskara atalerako.

Euskararen urtea izango zela esanez hasi genuen 2022a. Eta horrela izan da: Korrikarekin abiatu genuen urtea, eta Bertso Txapelketa Nagusiaren final ederrarekin eman diogu amaiera. Eta, tartean, Euskaraldia izan dugu. Baliteke, beste bi egitasmoekin alderatuta, ez izatea horren bistosoa. Baina, horregatik ez du besteek baino garrantzia txikiagoa; izan ere, bistosoa izatea ez da bere helburua, oso barneratuta dauden arau sozialetan eragitea eta horiek aldatzea baizik.

Euskaraldiak eman eta utzi duenari begira hasteko garaia dugu orain. Ilusioak aparra galdu duela esango dute batzuek, hirugarren edizioa dela eta. Eta ez dira erabat oker ibiliko. Baina, beste prisma batetik begira jartzen bagara, Euskaraldia normalizatu eta finkatu egin dela ere esan genezake.

Datuei begira jartzen bagara, parte hartzea zertxobait jaitsi da Aian eta Orion, baina ezer larririk ez. Euskaraldian parte hartzea egonkortze bidean dagoela ikusi dugu hirugarren edizio honetan. Orokorrean, Euskal Herri mailan, aurreko edizioaren parte hartze mailan gaudela esan dezakegu. Hori bai, pertzepzioa dugu, jendeak ez dituela txapak uneoro erabili, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugula kalean.

Milaka lagunek erronkak jarri dizkiete beren buruei, eta erronka horiek lortzen saiatu dira hamabost egunetan zehar: batzuek beteko zituzten beraien asmoak, beste batzuek ez zuten lortuko, baina modu kontziente eta hausnartuan eginik, aurrerapausoak eman dituzte.

Baliteke zenbaitek pentsatzea Euskaraldia arnasguneetan ez dela beharrezkoa. Baina, kalera irten eta zenbat jende entzuten dugu gaztelaniaz, euskaraz badakitela jakinda? Ni neu ere, familiarekin dudan gaztelaniarako joeraren kontra borrokan aritu naiz 15 egunetan, eta oraindik borrokan ari naiz. Horretxegatik da hain beharrezkoa.

Horrez gain, sarritan ez gara kontziente eragin dezakegun guztiaz. Zenbatek egiten dugu ingurune erdaldunetan lana? Zer gertatzen da gure egunerokotasuneko eremutik irteten garenean? Garrantzitsua ez da euskaraz bizi garenokin horrela jarraitzea soilik, konfort egoeretatik irteten garenean hizkuntzari eusteak ere asko eragin dezake elkarrizketan.

Ez nuke amaitu nahi batzordeen lanari aitortza egin gabe. Herrietako batzordeak dira-eta Euskaraldiaren bihotza, horiek gabe ez legoke ariketarik. Ez legoke arigunerik, belarriprestik ez ahobizirik. Eskerrak eman nahi dizkiet Aian eta Orion batzordeetan lanean aritu diren herritarrei, nire dinamizatzaile lana errazagoa egin dutelako. Zailtasunak zailtasun, beste behin ere, Euskaraldiari forma eta bizia emateagatik. Bejondeizuela!

Orain bai, bukatzeko, atzera begira jarriko naiz: Euskaraldiaren lehen edizioan, 2018an, koordinazio orokorrean egin nuen lan, komunikazioan. Gogoan dut garai hartan genituen ilusioa eta urduritasuna, lana egiteko gogoa eta ariketa ondo irteteko nahia. Ilusio hori ingurukoei kutsatzen genien. Aurtengo edizioan ilusio hori falta izan dela egia da, apalago joan da dena. Eta hain justu, horretxegatik da hain beharrezkoa Euskaraldia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!