Angulatara, azken aldiz?

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza 2023ko urt. 14a, 16:32
Angulak arrantzatzeko motorrak Oria ibaian.(Aiora LarraƱaga)

Gipuzkoako Hitzak erreportajea argitaratu zuen atzo, angulen arrantzaren inguruan. Izan ere, Europak debekatu egin du angulen aisialdiko arrantzan, eta angulen arrantza profesionalizatzea eskatu du Euskadiko Anguleroen Elkarteak.

Abenduan iragarri zuen Europako Batzordeak aurtendik debekatu egingo zuela aingiraren eta angularen aisialdiko arrantza; hau da, arrantza ez-profesionala. Eta Gipuzkoan angulatan aritzen direnak ez dira profesionalak. Duela bi urte sortu zuten Euskadiko Anguleroen Elkartea, eta Unai Eizagirre lehendakariak kontatu du orduan ere eskatu ziotela Eusko Jaurlaritzari profesional bihurtzea, etor zitekeenaren zantzu batzuk ikusten zituztelako. Berriro egin dute eskaera orain: “Arrantzan jarraitu ahal izateko, profesional izatea beste erremediorik ez daukagulako jada”.

Bi modalitatetan aritu ohi dira angulatan Gipuzkoan: ontzitik edo lehorretik. Sasoia igandean amaitu zen ontzitik aritzen direnentzat, eta urtarrilaren 31ra arteko epea dute lehorretik aritzen direnek. Bruselaren erabakia oraindik argitaratu gabe dagoela dio Eizagirrek, eta, ondorioz, asteotan arrantzatzen jarraitu ahal izango dutela. “Ontzitik aritzen direnek apenas harrapatu duten ezer aurten, giroak ez duelako lagundu. Angulak harrapatzeko, baldintza oso bereziak behar dira; aurten hego haizea egon da, eta hori oso txarra da guretzat”. Lehorretik aritzen direnek, berriz, azaroan, sasoi hasieran, “asko” harrapatu zutela kontatu du. “Eta hemendik hilabete amaierara arte ere egun onak izateko itxaropena dute”.

Europak ezarritako debekua kontuan hartuta, profesional bihurtu ezean behintzat, edo bestelako arau aldaketarik ezean, ezingo dira arrantzara atera urte amaieran, hurrengo sasoian. “Orain arte ezagutu dugun angula arrantza tradizionala bukatu da, galdu da”, ohartarazi du Eizagirrek.

Espeziea, arriskuan

Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak zerrenda gorrian du aingira europarra, desagertzeko arrisku kritikoan dauden espezieen zerrendan. Bruselak, aisialdiko arrantza debekatzeaz gain —Europan, Gipuzkoan eta Bizkaian bakarrik dago aisialdiko arrantza—, arrantza profesionala egiteko baimena ere laburtu egin nahi du: azaroan, abenduan eta urtarrilean bakarrik arrantzatu ahal izango dira. Azti ikerketa zentroak ere esan izan du, urteetako ahaleginak ahalegin, oso egoera larrian dagoela aingira europarra.

Eizagirreren ustez, debekuak ez du aurrerapauso handirik ekarriko espeziearen berreskurapenean. Kontatu du 850 kilo arrantzatzen dituztela Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen artean. “Frantzian, berriz, 65 tona harrapatzeko baimena dute. Ez du zentzu handirik: aingira salbatu nahi baduzu benetan, itxi guztia eta ulertuko dugu erabakia, baina bitxia iruditzen zaigu fokua 850 kiloren inguruan jartzea, hemendik 50 kilometrora 65 tona harrapatzeko baimena baldin badago”.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!