Gaueko tren zerbitzu berezia jarriko du Euskotrenek Donostiako festak direla eta

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 19a, 15:30
Gau osoan izango dira tren bereziak martxan. (Juan Luis Romatet)

Donostiako sansebastianetarako joan-etorriak errazteko gaueko tren zerbitzu berezia jarri du Euskotrenek. Orduero izango dira trenak bi noranzkoetan. Bihar lanegun normaletako ordutegia izango dute trenek.

Festa giroan murgiltzeko prest dago Gipuzkoako hiriburua. San Sebastian eguna ospatuko dute bihar, eta gaur gauetik danbor burrunbak entzungo dira Donostiako kaleetan. Donostiarako joan-etorriak errazteko tren zerbitzu berezia izango da gaur gauean hiriburua eta kostaldeko herrien artean. 

Hala, orduero izango dira trenak gaur gauez bi noranzkoetan. Zumaiatik lehen tren berezia 23:30ean aterako da, eta 00:30ean, 01:30ean, 02:30ean, 03:30ean, 04:30ean eta 05:30ean izango dira hurrengoak. Goizaldeko 06:00ekoa jada ohiko ordutegikoa izango da.

Donostiako Amaratik Zumaiara, berriz, 22:50ean irtengo du lehen tren bereziak, eta 23:50ean, 00:50ean, 01:50ean, 02:50ean, 03:50ean, 04:50ean eta 05:20an izango dira hurrengoak. Ordutik aurrera, lanegunetako ordutegia izango da indarrean. 

Autobusen geraleku aldaketak Donostian

Bihar, San Sebastian egunez, Lurraldebuseko autobus batzuen geralekuak kenduko dituzte danborradak direla eta. 10:00etik 15:00etara bitartean, autobusak ez dira geldituko Zubieta Plazan eta Askatasuna Etorbidean; busak zuzenean Autobus Geltokira joango dira, eta handik aterako dira. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!