Eskola kirolaren baitan, pilotan ibili dira Orioko eta Aiako haurrak

Erredakzioa 2023ko urt. 27a, 13:30

Guztira, bi herrietako 230 haur bildu dira bi asteburuetan eta antolatzaileak "pozik" agertu dira. Izan ere, "kirol maila ezberdintasunak eta lehia albo batera utzita gure kirol honetaz gozatu ederra hartu ahal izan zuten bertaratuek".

Eskola kirolaren baitan, pilotan jardun dira Orio eta Aiako neska-mutilek azken bi asteburuetan. Antolatzaileek azaldu dutenez bi herrietako 230 haur inguru bildu dira kirolaren bueltan. Afizioagatik astero-astero frontoian bueltaka ibiltzen direnak batzuk, kirola eta frontoia bera urrunagotik ezagutzen dutenak beste batzuk.

Jardunaldia antolatzeaz arduratu zirenak "pozik ginen hasieran aurpegi berriak ikusteaz baina ezin pozago amaieran, hurbildu zen haur bakoitzak jarritako interesa eta erakutsitako jarrera apartagatik". Izan ere, "kirol maila ezberdintasunak eta lehia albo batera utzita gure kirol honetaz gozatu ederra hartu ahal izan zuten bertaratuek".

Frontoia, bost eremutan banatu zuten, talde txikitan denen parte hartzea ahalbidetuz. Eremu bakoitzean jolas eta jokamolde ezberdinak izan zituzten. Esku pilotaz gain, paleta eta xistera ere probatu ahal izan zituzten. Antolatzaileen esanetan, azken honek piztu zuen haurrengan probatzeko irrikarik handiena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!