Harreman afektiboak

Valentin iraultzea, nolako balentria

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 14a, 09:00
(Ilustrazioa: Olatz Aguado)

Otsailaren 14a, San Valentin eguna. Batzuentzat maitasunaren ospakizuna, beste askorentzat eredu erromantikoa eta kontsumismoa erreproduzitzearen erruduna. Era batera ala bestera pentsatu, data hauen bueltan egun horrek eman ohi du zeresana. Baina inork ba al daki zer den maitasuna? 'Kaixomaitia.eus' webguneak harreman afektiboen inguruan gauzatutako inkesta oinarri hartuta, kontzeptu horren ertzak arakatu nahi izan ditu hedabide honek. Datuek argi erakusten dute: laranja erdiaren ideia bizi-bizirik dago oraindik gizartean. Eman ote diezaioke jendarteak eredu horri buelta erdia?

Otsaila. Maitasunaren hilabetea zenbaitentzat. San Valentin egunaren bueltan, kupidoren geziak jotzeko zain egongo da bat baino gehiago, laranjaren beste erdia non aurkituko. Maitasun erromantikoaren ereduak zenbaterainoko indarra du egungo gizartean? Galdera horri erantzun nahian, datuak biltzen, aurreiritziei zenbakiak jartzen, saiatu da hedabide hau, Kaixomaitia.eus webguneak Aztiker soziologia ikergunearekin elkarlanean egindako ikerketak oinarri hartuta. Datuek argi erakusten dute laranja erdiaren ideiak bizi-bizirik jarraitzen duela gizartean; Valentinek irudikatzen duen horrek eragina duela oraindik ere, alegia.

Euskal Herriko harreman afektibo-sexualen errealitatea aztertzeko, 2016an egin zuen lehen inkesta hezkidetzan eta sexologian eskarmentua duen Kaixomaitia.eus webguneak. Galdetegi hark izan zuen arrakasta ikusita, beste bat egin zuten 2020an; ordukoak dira azken datuak eta erreportaje hau gauzatzeko baliatu direnak. Galdetegien bidez, zera jakin nahi izan dute: euskal herritarrek zer-nolako ohiturak, asebetetze mailak eta iritziak dituzten harreman afektiboen eta sexualen inguruan. Laburbilduz, hauxe da mahai gainean jarri nahi izan duten galdera: "Zoriontsu al gara maila afektiboan eta sexualean?". Helburua bakarra da: hausnarketa sustatzea. 

2020ko otsailaren 10ean jarri zuen martxan azken galdeketa Kaixomaitia.eus atariak; COVID-19aren izurria hedatu aurretik jaso zituzten erantzun guztiak, eta beraz, emaitzetan ez da nabari pandemiaren arrastorik. Guztira, 73 galdera egin zituzten –horietatik 66 baliatu dituzte ikerketan–, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. 16 urtetik gorako euskal herritarrei zuzenduta zegoen galdetegia, eta horiek Internet bidez erantzun zituzten galderak, modu anonimoan. Guztira, ia 8.000 pertsona sartu ziren inkesta betetzera. Jasotako datu horiek nondik zetozen ikusi ondoren, ponderazio teknikak erabiliz, ahalik eta unibertso zabalena osatu zuen Aztikerrek. Azkenean, Hego Euskal Herrian bizi diren 18 eta 64 urte bitarteko euskaldunen erantzunak bildu dituzte emaitzetan. 

Iñigo Arandia (Tolosa, Gipuzkoa, 1974) ikerketaren koordinatzaileak eta Kaixomaitia.eus-en sortzaileak azaldu duenez, ez dago alde nabarmenik 2016ko eta 2020ko galdetegien emaitzetan: "Nahiko antzeko ondorioak atera ditugu". Bi ikerketetan jasotako datuak esku artean, laranja erdiaren ideiarena da ondorio nagusia. Zer da, baina, ideia horren atzean ezkutatzen dena? Maia Ossa Rissanen (Arroabea, 1991) Bollurriaren antolaketa taldeko kidea da –lesbianek sozializatzeko espazio bat izateko sortutako egitasmoa da hori–, eta hark azaldu duenez, "ororen gainetik kokatzen den maitasun goren bat" gailentzen da gizartean: emakume baten eta gizon baten artean ematen den pasiozko maitasuna eta familia nuklear bat osatzera bideratuta dagoena. "Oraindik ere gure osagarri izango den pertsona bat bilatzen dugu, orokorrean. Pentsamendu monogamoa eta heteronormatiboa oso indartsu daude jendartean". Haren arabera, aurrerapausoak eman dira, belaunaldi gazteak ari dira ikuspegia zabaltzen, baina "asko" dago hobetzeko oraindik. 

Harreman itxiak gehienak

Datuak mahai gainean jarrita, argi ikus daiteke bizitza binaka antolatzeko joera dagoela. Galdetuen gehienek –%74,5– bikotekidea dute, horien %70ek harreman itxia, eta %4,5ek irekia; harreman irekiak dituzten gehienak 18-29 urte arteko gizon bisexualak dira. Bestalde, %25,5ek ez dute bikotekiderik. Bikotekiderik ez duten gehienek nabarmentzen dute bikotekidea izan nahi dutela etorkizunean, eta horietako gehienek –%56– harreman itxia izan nahi dute; %16 dira etorkizunean harreman irekia izan nahi dutenak, eta soilik %6k ez dute bikotekiderik izan nahi. 

"Oraindik ere gure osagarri izango den pertsona bat bilatzen dugu, orokorrean"

Zenbaki horiek ikusita, ondorio bat atera du Ossak: "Monogamiaren araua hor dago, eta horrek presioa eragiten du. Heldu bilakatzen ari garenean, pertsona serioak izateko, badirudi bikote monogamo eta finko bat izan behar dugula, berarekin bizi behar dugula...". Haren arabera, eredu horretatik ateratzeko saiakerak ez dira "serio" hartzen, eta horrek "nekea" sortzen du bestelako aukerak egiten dituztenen artean. "Jendeak ez ditu bestelako aukerak ulertzen, eta etengabe azalpenak ematen aritu behar duzu. Horrek, kasu askotan, zera pentsatzera eramaten zaitu: 'Zergatik naiz ni arraroa? Zer dago gaizki nigan? Zergatik ezin dut konformatu beste denek bezalako bizitza eredu batekin?'". Ossaren ustez, gizartean hain errotuta dauden arau inplizitu horiek puskatzeko eta heteronormatibitatea zalantzan jartzeko "beharra" dago. 

Maia Ossa Rissanen.

Bollurriako kidearen iritziz, harreman afetktibo monogamoetan "zentralitate handia" hartu ohi du bikotekideak. "Eta maitasun harreman monogamo horrek oso ondo funtziona dezake, baina gero pertsona hori falta denean, ez daukagu zeri heldu". Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio sare hori zabaltzea, eta beste maitasun mota batzuk baloratzea; laguntasunarena, esaterako. "Zaharrak garenean, nola bizi nahi dugu? Nire ingurukoekin hitz egin dut horretaz, eta agian, ez dugu nahi bikotekideari zentralitatea ematea. Aldiz, hobeto iruditzen zaigu lagun sare bat osatzea eta hori izatea gure bizitzaren babesgunea". 

Errealitatearen eta desiraren arteko gatazka

Oro har, galdetegian parte hartu dutenek afektiboki zoriontsu direla diote: batez beste, 7,4ko nota jartzen diote zoriontasun afektiboari. Bikotekidearekiko sentitzen duten maitasunari 8,8ko kalifikazioa jarri diote, eta 8,6 bikotekideak eurekiko sentitzen duen maitasunari. Baina harreman sexualez galdetzean, behera egiten du zoriontasun mailak: 6,2ko nota jarri diote horri. Arandiaren iritziz, gauza bat argi uzten du horrek: "Nahiz eta bikoteakidea pila bat maite, jendea ez dago sexualki hain pozik". Zenbakiak begiratuz gero, nahi baino harreman sexual gutxiago dituzte galdetuek. Astean behin edo bitan dituzte gehienek, baina astean hirutan edo gehiagotan izan nahi lituzkete. Gizonen eta emakumeen artean ez dago alde handirik desirari dagokionez.

Errealitatearen eta desiraren arteko aldeari ere erreparatu dio Arandiak ikerketan. Horri lotuta, honako hau izan da zeresana eman duen galdera bat: "Inoiz izan al zara desleiala?". Galdetegian ez dute zehaztu zer den desleiala izatea, eta denek ez dute modu berean ulertzen kontzeptu horren pean gordetzen dena, Arandiak azpimarratu duenez: "Batzuentzat bikotekidea ez den beste norbaitengan pentsatzea soilik desleiala izatea da, beste batzuentzat beste pertsona batengan pentsatuz masturbatzea... Beste batzuentzat, berriz, bikotekideak beste pertsona batekin larrutan egitea ez da desleiala izatea, horretaz hitz egin dutelako bikote harremanean. Badaude gogoetarako datu batzuk: pertsona batekin larrutan egiten baldin baduzu desleiala zara, baina harekin afaltzera joaten bazara, ez? Sexuak duen garrantzia agerikoa da zentzu horretan. Badirudi, norbaitekin sexua izaten baduzu, hari ez dakit zer entregatzen diozula". 

"Nahiz eta bikoteakidea pila bat maite, jendea ez dago sexualki hain pozik"

Desleiala izatea zer den alde batera utzita, badira zenbait datu esanguratsu. Gehienek –%87– onartzen dute bikote harremanetik kanpoko norbaitek bereziki erakarri izan dituela. "Badago berezko desira bat, desio sexual-fisikoa existitzen da, ia naturala da, berezkoa", dio Arandiak. Inkestan parte hartu dutenen %68k izan ditu noizbait bikotetik kanpoko pertsona batekin harreman afektibo-sexualak, bikotekidearekin adostu gabe, eta %32 izango litzateke desleial bikotekideak ezer jakingo ez lukeela ziurtatuz gero. "Bikotekidea desleiala izan dela jakinez gero, zer egingo zenuke?", izan da beste galdera bat. %12k onartuko lukete desleialtasuna, %47k harremana utziko lukete eta %18k proposatuko liokete harremana irekitzea kideari; adierazgarria da azken galdera hori izan dela inkesta guztian erantzun gisa "ez dakit, ez dut erantzungo" gehien jaso dituena. 

Desleialtasuna ohikoa dela erakusten dute, beraz, datuek, eta horri lotuta, galdera bat egin du Ossak: "Zergatik egiten dugu hori? Gehienek harreman itxia nahi dute, baina gero ez dute hori ondo kudeatzen. Jendeak bikote eredu monogamoa nahi duela dirudi, baina ondoez asko eragiten ditu horrek. Ontzat ematen den eredu horretan badaude zaintza faltak, minak...". Haren ustez, hori lantzeko bidea izan daiteke beste eredu batzuk planteatzea, harreman irekiena, esaterako. Inkestaren arabera, elkarrekin hitz egin ondoren, bikotekideak beste norbaitekin harreman sexualak izatea onartuko luketenak %48 dira, baina nahi hori erreprimitu egiten da. 

Iñigo Arandia.

Arandiaren iritziz, horri buelta emateko beharrezkoa da hitz egitea. "Harremana irekitzearen kontua mahai gainean jartzeak beldurra ematen du, ezagutza falta dagoelako. Komunikazio hori ez da egiten. Norbaitek bikotekidea bilatzean, badirudi harremanak automatikoki itxia eta esklusiboa izan behar duela". Haren arabera, jendeari "zaila" egiten zaio arau sozial horretatik kanpoko mekanismoak lantzea. "Kulturalki ez gaude prestatuta harreman ireki bat kudeatzeko. Gazteen artean, esplorazio etapa batean, izan ohi dituzte harreman irekiak, baina gauzak serio jartzen hasten direnean... Ez gaude horretarako hezita, ez dakigu nola egin".

Datuek erakusten dute askotan ez datozela bat errealitatea eta desira, Kaixomaitia.eus-eko arduradunak azpimarratu duenez: "Inkestan zera galdetzen dugu, adibidez: 'Uste duzu sexua maitasunik gabe egin daitekeela?'. Jende gehienak baietz erantzuten du; beraz, bereizten dira sexua eta maitasuna. Dena den, uste dut bikote harremanetan biak nahastu nahi izaten direla. Esklusibotasuna arau soziala da, eta desira ez dator beti horrekin bat. Batzuetan bai, baina ez beti".

Komunikazioa, gakoa

Komunikazioaren inguruko galderak dira inkestan adierazgarriak diren beste batzuk. Bikotekidearekin sexuaz hitz egiten al duten galdetzean, "gutxitan edo inoiz ez" erantzuten dute galdetutakoen laurdenek. "Sexuaz hitz egitea zenbaiti kostatu egiten zaio bikote harremanean; tabu bat da. Zergatik? Uste dut gaur egun oraindik ere sexualitate ez erreproduktiboa gauza zikintzat hartzen dela", adierazi du Arandiak. Eta ez sexuaz bakarrik, beste zenbait kontuz hitz egitea ere kostatu egiten da: gehienek –%80k– bikotekidea desleial izan al den jakin nahi dute, baina ez dute galdetzen –%68–.

Ossaren ustez, laranja erdiaren eredu horrek ez du denentzat balio, eta norberak bilatu behar du on egiten dion bidea. Hori bai, harreman eredua dena dela ere, uste du "oso garrantzitsua" dela komunikazioa, kartak mahai gainean jartzea. "Askotan, pertsona batekin dinamika batean sartzen gara, eta gauza asko jakintzat ematen dira. Baina ez dira mahai gainean jartzen norbere desirak, gauzak zenbateraino elkarbanatu nahi ditugun... Hortik etortzen dira talkak eta gabeziak. Komunikazioa da giltza".

DATUAK

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!