Etzi irekiko da 45 urtetik gorakoak “lan-munduan txertatzeko” prestakuntza programarako izen ematea

Andrea Zipitria 2023ko ots. 27a, 17:41

Egitasmoan parte hartzeko izen ematea zabalik egongo da martxoaren 1etik apirilaren 13a bitarte. Ekimenaren inguruko informazio saio bat egingo da martxoaren 30ean.

Seigarren aldiz martxan jarriko du Urola Kostako Udal Elkarteak 45+ indartzen egitasmoa. Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Orientazio Zerbitzuak sustatutako ekimena da; eta helburu du “45 urte edo gorako herritarrak lan-munduan txertatzeko ahalduntzea, aldaketarako prestatzea eta euren laneratzea erraztea”. 

40 orduko iraupena izango du prestakuntzak. Izen ematea etzi irekiko da (apirilaren 13ra arte). Telematikoki egin behar da, Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Tramitazioa elektronikoki egin ezin dutenek Udal Elkarteko egoitzara bertaratu dezakete (izen-ematea aurrez aurre egiteko).

Programaren xehetasunak

40 orduko prestakuntza izango da, 4 orduko 10 saiotan banatua. Ikastaroak bi aste iraungo ditu; hain zuzen ere apirilaren 24tik maiatzaren 8ra; 09:30etik 13:30era Udal Elkarteko egoitzan. Apirilaren 17an, berriz, egingo da ikastaroaren hasiera-ekitaldia (09:30etik 11:00etara). 

Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek hiru bakarkako saio jasotzeko aukera izango dute (online).

Informazio saioa, martxoaren 30ean

Edozein kasutan, egitasmoaren xehetasunak azaltzeko informazio-saio bat egingo du udal elkarteak datorren martxoaren 30ean interesa duten herritarrentzat.

Saio hori goizeko 09:30ean egingo da, online, gotomeeting plataformaren bitartez.

Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, ondorengo galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!