Ibai Makazaga oriotarrak irabazi du Zarautzen jokatutako Mahasti Krosa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 12a, 17:00
Makazaga eta Usandizaga podiumean. (Jabi Gonzalez Toston)

Ibai Makazaga oriotarrak irabazi du gaur goizean Zarauzko Talaiberri txakolindegian jokatu den laugarren Mahasti Krosa. Mikel Usandizaga aiarra izan da hirugarren gizonetan eta Ainhoa Usandizaga oriotarra bigarren emakumeetan. 

Gutxitan ikusten den irudi ederra utzi du Mahasti Krosaren laugarren edizioak; izan ere, eskutik helduta helmugaratu dira lehen bi sailkatuak: Ibai Makazaga oriotarra eta Imanol Larrañaga azkoitiarra. Hori dela eta, sari banaketara arte itxaron behar izan dute irabazlea bietako nor zen jakiteko. Bada, txipak Makazagari eman dio garaipena eta hura izan da txapela jantzi eta baskula gainera igo dena, irabazleak bere pisua txakolin botiletan baitzuen saritzat. Hori bai, Larrañagarekin partekatu ditu 68 botilak.

Bi korrikalariek hasieratik hartu dute burua eta lasterketa osoan eutsi diote. Aurkaria atzean uzteko ahaleginak ere egin dituzte erritmoa bizituta, baina indarrak guztiz parekatuta zituztenez, ibilbidearen erdira iritsitakoan lasterketa batera egitea adostu dutela aitortu dute. Gainera, asko ari ziren arriskatzen eta baldintzak ez ziren egokienak: lokaztuta zegoen lasterketa eremua eta giroa ere sargoria zen. Hala, elkarrekin egin dute bide osoa 32 minutu eta 25 segundoan. Ia bi minutura iritsi da podiuma osatu duen Mikel Usandizaga aiarra (34:02).

Emakumeetan Ainhoa Caporossi zumaiarra izan da nagusi 39 minutu eta 36 segundo denborarekin. Bigarren izan da Ainhoa Usandizaga oriotarra 41:12 denborarekin. Podiuma Ioana Osa ondarrutarrak osatu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!