San Francisco barrutik

Erabiltzailearen aurpegia Ander Atorrasagasti 2015ko mar. 11a, 00:08

                Munduko goi-mailako enpresa teknologiko garrantzitsuenen lekua da Estatu Batuetako San Francisco hiria, (Sillicon Valley osoa zuzenago esateko). Hilabete batez bertan bizi, ikasi eta gure proiektuak garatzeko aukera dugu LEINN graduko 2.mailako ikasleok eta gure kasuan hilabete honen erdialdean gara. Izugarria da hemengo aktibitatea; enpresak sortu, garatu eta diru mordoa irabazteko lekua da batzuentzat, ametsetatik esnatzeko lekua beste askorentzat.

                Google, Facebook, Twitter... enpresa hauek dira lehendabizi gogora etortzen zaizkigunak inguru honetatik baina San Francisco hortaz haratago doa, egunero antolatzen diren networking ekitaldietan topa dezakezu mundua eraldatuko duen ideiaren jabea, bere sorlekua utzi eta honaino etorri dena garai bateko Amerikak egitera, bere aukeraren bila. Teknologiako irakasleak argi esaten zuen dena ez zegoela asmatua eta hona etortzean ohartzen zara zenbat eta zenbat proiektu eta produktu berri topa ditzazkezun, munduko bazter guztietan landu eta diru kantitate garrantzitsua utziz hemen balio duen ala ez ikusteko.

                Kanpotik dena da polita. 20 edo 50 urte izan berdin entzuten dute zure minutuko pitch-a, barrutik enpresa guztiak dira cool ak... laburbilduz, denek dute mundua aldatuko duen ideia, hurrengo modazko produktua. Horrela kontatuta, paradisua dirudi honek ezta?

                Euskal Etxean izandako azken elkarrizketan,  San Francisco bertan 15.000 pertsona baino gehiago kalean bizi direla zihoen Aitorrek. Bazter guztietan topatzen duzu homeless bat, txoko guztiak beteak dituzte jendearen karitatearen zain. Klase sozialen arteko kontrastea izugarria da, milioiak irabazten dituen enpresa batetik irten eta kalean pobrezia usaintzen duzu, txuritik beltzera eramaten zaitu igogailuak minutu batean. Harrigarria.

                Bien bitartean, ofizinetan Apple ek 17.000€ ko erlojua atera duela diote, sare sozialek Golden Gatea zein ederra den islatzen dute eta denak beren ideia Googlek erosteko zain, baina noraino iritsi gara?

                Bigarren egunean Sillicon Valleyko ekintzaile batek esan zigun moduan,"if you are not interested in money, you are not interesting for people in Sillicon Valley" Horrela funtzionatzen du munduak hemen.

 

Ander Atorrasagasti

http://www.loadinn.net/2015/03/san-francisco/

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!