Gabonak 2016

Ostiral honetan izango da Herribil 12

Erabiltzailearen aurpegia ANIMAL 2016ko abe. 20a, 09:24

Hamabigarrenez antolatu dute Herribil jaialdia. Ostiralean izango da, Orioko Karela kiroldegian, 22:00etatik aurrera. 

Aurreko KARKARAko paperekoan, 378. zenbakian, Herrian Galdezka atalean, Herribilen antolakuntzaren inguruan galdegin genien Mireia Atorrasagastiri, Eneko Olariagari eta Elena Errastiri. Harribil, Salatxo eta Danbolineko kideak dira, hurrenez hurren.

Atorrasagastik esan zuenez, Harribil dantza taldeak antolatzen duen ekitaldi honen helburua herriak parte hartzea da. Horregatik jarri omen zien Herribil izena. Errastiren ustetan, izena oso ongi du jarrita emanaldiak. Herria biltzen duen zerbait da Herribil. Eta bilketa hori erabat txalogarria da norbanako bakoitza bere aldetik dabilen garai honetan.

Antolaketaren pisu handiena berak hartzen duten arren, elkarlanean aritzen direla azaldu zuen: azaroa hasiera aldera herriko hainbat eragileei deialdia egiten zaie eta bileratxo bat egiten dugu, zein taldek hartuko duen parte zehazteko eta pixkanaka ekitaldiari forma ematen joateko. 

Errastik dioenez, musika eskolarentzat aukera bikaina da Herribilen parte hartzea. Normalean gure lana Danbolineko ikasleen gurasoek ikusten dute eta saio hau aukera polita da beste jende batek ere ikusteko, azaldu du. Olariagarentzat ere azpimarragarria da ideia hori. 

Bestalde, Salatxoko kideak esan du aurtengoa 12. edizioa izanik, errutina ere bilakatu dela eta, ondorioz, buelta bat ematea eta guztien artean berritzea ondo legokeela. Aitortu du hori oso zaila ere badela, bakotizak bere martxa baitauka eta lanpetuta ibiltzen baitira.

Atorrasagastik ere zailtasunak aipatu ditu: urtez-urte geroz eta gehiago kostatzen da talde desberdinak animatzea. Beraz, ea denon ilusio eta gogoarekin Gabonei hasiera emateko herri ekitaldi honi bizirik eusten diogun. Olariagak gaineratu du Gabonei hasiera emateko modu paregabea dela. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!