11 egun euskararekin gozatzeko!

Erabiltzailearen aurpegia EuskaraldiaOrio 2018ko aza. 22a, 13:29
Ostiral honetan emango diogu hasiera Euskaraldiari: 11 egun, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskaraz lehen baino gehiago egiteko. Oriotar guztiontzat euskararekin gozatzeko egunak izatea nahi genuke.

Otsailean hasi genuen hona ekarri gaituen bidea, Arraunetxen Euskaraldia aurkezteko ekitaldia egin genuenean, Udalak eta Karkara aldizkariak batera deituta. Lepo betetako aretoan egin genuen aurkezpena eta, beraz, hasieratik ikusi genuen ez genuela bidea bakarrik egingo eta ez zitzaigula lagunik faltako ‘esperimentu’ berritzaile honetan.

Oriotarrok harrera ezin hobea egin diogu Euskaraldiak planteatzen duen ariketa sozialari eta orain, ostiral honetan hasita, ekiteko garaia da. Euskaraldiko 11 egunetan konturatuko zara uste duzun baino jende gehiagorekin egin dezakezula euskaraz eta zure inguruko askok benetan nahi dutela zuk haiei euskaraz egitea. Bide berri bat abiatuko duzu eta jabetuko zara jende asko duzula inguruan, lagun asko, bide hori zurekin batera egin nahi duena.

Ekin, ba, bideari eta gozatu ibilian!

Euskaraldiaren Orioko lantaldea

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!