Aian ere erabakia ehuntzen

Erabiltzailearen aurpegia Aia - Gure Esku Dago 2015ko eka. 8a, 11:31
Aian ere erabakitze eskubidearen aldeko GURE ESKU DAGO mugimendua sortu da eta ekainaren 21ean Anoetan egingo den ekitaldiari begira ostiral honetarako plan berezia antolatu dugu.

Euskal Herri osora zabaldu den Gure Esku Dago herri dinamika iritsi da Aiara. Gure herrian ere erabakitze eskubidearen aldeko mugimendu zabala lortu nahi dugu, ideia anitzetako jendea bilduko duen herri mugimendu parte-hartzailea.

Oinarrizko hiru printzipioren bueltan antolatu dugu dinamika: 1) Herri bat gara. 2) Erabakitzeko eskubidea dugu. 3) Herritarron garaia da.

Hainbat ekimen arrakastatsu antolatu ditu Gure Esku Dagok 2013an sortu zenetik. Durango eta Iruñea lotu zituen giza-katea ala Donostiako Zurriola hondartzan osatu zen mosaiko erraldoia esaterako. Hurrengo ekimena EKAINAREN 21ean izango da Euskal Herriko hiriburu ezberdinetan (Gipuzkoarrok Anoeta estadioan izango gara), hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditugu herriz herri apaindu eta jositako oihal guztiekin.

Erabakitze eskubidearen aldeko mugimendu bat martxan jartzeko eta aldi berean, ekainaren 21eko ekitaldi horri bultzada emateko Aian 'Gazta zati bat' dokumentala eman genuen maiatzaren 29an, dinamikare jaiotza herritarrei azaltzeko asmoz. Ostiral honetarako beste plan bat antolatu dugu. Alde batetik, arratsaldeko 17tan, ekainaren 21eko hautetsontzi erraldoia osatzeko aiarrok eramango ditugun oihalan apainduko ditugu gure herri borondatea erakutsiz. Eta ondoren, 19tan Anjel Oiarbideren hitzaldia izango dugu Kultur Etxean, Gure Esku Dago dinamikaren nondik norakoak azaltzeko.

Animatu zaitezte! Herri bat gara, ehundu dezagun gure erabakia!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!