Bi haurtzaro dituen bizitza

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Exposito 2017ko urt. 30a, 15:50

Ua! Ua! Ua! Egin ditu lehen negarrak haurrak. Jaio da, bai. Zein ederra den, zein polita. Begiak dir-dir egiten digute. Ilusioz gainezka gaude. Hasi da haurraren aro berria, berriro itzultzen ez omen den garaia, beste behin biziko ez dituen momentuak. Gogoan izaten ez diren uneak.

Urteak joan urteak etorri, heteromonoa zen haurra autonomo bilakatu da. Ene, zenbat hazi den gure haurra! Iritsi da heldutasun aroa, momentu arte eusten ziguten sokak eten dira, erabakiak hartzeko garaia iritsi da. Gu geu gara geure buruaren jabe. Begiek ikusten dutenaz harago dagoenaz konturatzen hasten gara.

Hara! Ia gurasoak baino hobeto zaindu didaten horiei zerbait gertatzen zaiela dirudi. Gauzak ahazten zaizkie, oinez ibiltzerakoan arazoak dituzte, euren bila joatea atsegin dute. Autonomo izatetik berriz ere heteronomo izatera igaro dira. Orain berek behar gaituzte guztiei.

Ezin diegu bizkarrik eman, beren bizitzen bigarren haurtzaroan barneratu dira. Inoiz baino gehiago guztion indarrak batzea beharrezkoa da. Ez da inolaz ere lehen haurtzaroa bezain samurra; ez, gogorra da, baina erabakiak hartzea beharrezkoa da; guztion onurarako erabakiak. Erabaki gogorrak, inoiz ulertzera iritsiko ez direnak. Egoera zail horiei adarretatik heltzen diotenak bilakatzen dira ausart. Ihes egiteak ez du balio.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!