Denboraren besarkadez gozatzen

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Gaiton 2016ko ots. 29a, 14:40

Denbora alua. Azken aldian jarraika dut, txakur txikia bailitzan. Ordu asko ditut libre, baina beti justu edo beranduxeago iristen naiz zita guztietara.

Aitortuko dizuet, aurreko artikuluetan ez bezala, oraingo honekin ez naizela ari gehiegi gozatzen. Momentuan ez dut tripak dantzan jartzen dizkidan ezer kontatzeko. Edo idazteko. Beno, baditut dezente kezkatzen nauten gauza txikiak buruan, baina ez daukat horiek paperera pasatzeko sufrikariotik gozamena bilatzen hasteko aldarterik. Edo denborarik.

Denbora alua. Azken aldian jarraika dut, txakur txikia bailitzan. Ordu asko ditut libre, bai, baina beti justu edo beranduxeago iristen naiz zita guztietara. 

Lehengo igandean kuadrillakoa eta biok zerbeza banarekin hitz aspertua egiten ari ginela, hauxe zioen adiskideak denboraren joanaz: (...) gertatzen dena zera duk, tabernetan dabiltzan herriko gazteek guk baino hamar urte gutxiago dituztela (...). 

Orain dela gutxi, beste lagun min batek honakoa idatzi zidan Whatsappera urtetako zorion mezuan: Borroka denborari. Modu bakarra: unea bizi, une bakoitza. Oraina dastatu etengabe. Beste batek, berriz, perla hau: Laster 30, e? Hiri ere arroza ederki ari zaik pasatzen. Pasa dadila, bada, lasai! Arroza irakiten eta oinak lurrean ditugun bitartean, ondo bidean izango gara, ez?

Mesanotxeko orri zimurtuen itsaso nahasian topatu dut hurrengoa: Olatu batetik besterako tartean / mundua erre daiteke, eta balore zaharrei hautsa astindu / galdu ditugunen ahotsari geurea gehitu / zahartzen dena soilik maita daitekeela ulertu. Luis Garcia Monteroren olerki baten amaieratik abiatuta idatzi nituen lerroak, auskalo zertarako balio zezaketeela pentsatuz; ziurrenik, egunen batean munduko abesti ezagunena izango denaren estribilorako edo...  

Eta, aizue, borradore horren funtzioa artikulu hau eta Fotografías veladas por la lluvia poemaren artean zubi lanak egitea bazen, zer? Tira, gaitzerdi! Honela amaitzen du olerkia poetak: (...) Nos duele envejecer, pero resulta / más dificil aún / comprender que se ama solamente / aquello que envejece.

Kaxoian honako esaldia ere bilatu dut, kolore gorriarekin eta letra larriz idatzita: Heldutzea, noren antza izan nahi ez duzun ulertzen joatea da. Baina beno, beste batean helduko diot honi; agian adiskidetu ere egingo naiz hori idaztera eraman ninduenarekin.

Segi fin lagunok. Eta saiatu, ahal duzuen neurrian,  denboraren besarkadez gozatzen. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!