Etorkizuna eraikiz

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Gaiton 2022ko mar. 23a, 12:00

KARKARAren 437. zenbakian plazaratutako irudia eta testua, 'Izpiak eta hizkiak' atalean.

Badator ura, behetik gora. Atea itxi arren, beheko zirrikitutik pasatu da barruraino. Saiatuko zara hari bidea oztopatzen, baina aurrera egingo du likidoak, geldiezina delako.

Ura bezalaxe egiten du aurrera hormigoiak, eta gutxien espero duzun tokiraino sartuko da. Sartuko da zure oroitzapenetan, errekreoetan jolasten zenuen belardi eder eta gozagarrian; sartuko da azken zentimetroraino, eskolaren ondo-ondoraino, modu lotsagabean.

Hezkuntza omen da gizarte hobe bat eraikitzeko oinarria. Eraikitzea zer den, ordea, modu desberdinetara uler daiteke, irudian ikus daitekeen modura: banketxe baten kartela, eraikuntza enpresa batek altxatutako bi bloke berri eta atzean, eskola publikoa. Denak ere Etorkizuna eraikiz, diputazioaren esloganak dioen modura. Norbere erara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!