Paperekoa

Lagunartean izango dugu

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Gaiton 2022ko urr. 8a, 09:00

Iñigo Gaiton Orioko Surf Taldeko kideak iraileko KARKARA aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Uretan edo lehorrean, neguan eta udan, astegun buruzuri edota jaiegunetan, olatu on eta kaskarrekin, surflari batek orduak eta orduak egiten ditu bere betiko hondartzan. Beste hainbat tokitan olatu hobeak hartzeko aukera izan arren, surflariak harreman intimoa eraikitzen du bere betiko hondartzarekin, eta aldatzen joaten dira biak, eboluzionatzen, modu batera edo bestera.

Denborak aurrera egin ahala, surflariak identifikazio handia senti dezake bere hondartzako elementu ororekiko, eta eguneroko bizitzaren parte izango ditu horiek guztiak, konplize, lagun min eta etxeko, akuilu eta ukendu. Orioko Surf Taldeko lagunon kasuan, Pinball-ari —eskoileraren ondoan hausten den olatuari— maiz hitz egiten diogu. Gozo izaten da batzuetan, pipertuago besteetan, nahi baino gehiagotan zilipurdika botatzen gaituenean edota olatu onak hartzen uzten digun aldi bakanetan; Anarri alderago surfean aritzen garenetan, berriz, loreak botatzen dizkiogu harrobi aldeko mendi malkarrari, uda aldera, ilunabarrean gorrizta kolore ederrak janzten duenean; hondarrari ere egiten diogu errieta, espero ez dugun tokietan pilatzen denean edo gustuko ez ditugun zuloak agerian uzten dituenean.

Hain gurea sentitzen dugun hondartzako ingurune afektibo eta dinamikoan, lagun berri bat dugu uztailaren 1az geroztik: Patxi Oliden Danbolin. 2020an hil zenetik gogoan izan dugu, eta hemendik aurrera, gure ondoan ere egongo da, lagunartean, belaunaldi desberdinetako surflarion artean. Haur, zahar eta gazte, adin guztietako surflariak juntatu ginen bere omenez jarri ditugun muralen inaugurazioan, Patxiren etxekoekin eta udal ordezkariekin batera. Ez luzatzeko, labur definituko dut elkarrekin pasatu genuen iluntze goxo hura: udako argia, lagunartea eta errespetua.

Egun hartatik, Itxas Tresna markaren logoa eta Patxiren erretratua ikusgai daude Orioko Surf Taldearen lokalaren kanpoaldean. Muralean hiru hizkuntzan irakur daiteke nor izan zen Patxi, eta, batez ere, zein izan zen surfari egin zion ekarpen bikaina.

Hilabeteotan, tokatu zait kanpotarrak Patxiren irudiari begira ikustea, harrituta, hango azalpenak ingurukoek entzuteko moduan irakurtzen: Pionero en la fabricación de tablas de surf a finales de los años 60... Halakoetan, haien ondotik pasatu eta barre txikiarekin joan izan naiz surf egitera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!