"Pertsona baten balioa ez dute gerri estu, pisu txiki edota beso gihar batzuek ezartzen, osasuna neurri eta itxura guztietan aurki daiteke"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia San Sebastian corta 2020ko aza. 16a, 20:16
Leire Izagirre Urkizu oriotarra, Giza Nutrizioa eta Dietetikan graduatua da, Nafarroako Unibertsitatean. Nutrizioari lotutako zenbait arlotan du esperientzia, hala nola, Basque Culinary Center Innovation-eko Osasun eta Gastronomia sailean, Nafarroako Unibertsitateko Bromatologia saileko laborategian, eta Bruselako International Dairy Federation elkartearen Nutrizio eta Osasun aholkularitza sailean. Elikadura nahasmenduetan ere jakitun da. Gaur egun, elikadura begano eta begetarianoan oinarritutako nutrizio klinikoaren eta kirolaren nutrizioari buruzko masterra egiten ari da. 
         Bestalde, Gurutze Gorriko boluntario gisa, adineko pertsonen elikadurari buruzko hitzaldia eman zuen Zarautzen urriaren 1ean (Erlo TB-n), Felix Zubia koordinatzaileak proposatuta. Eta pasa den azaroaren 12an, Obesitatearen Aurkako Nazioarteko eguna izan zela kontuan izanik, elikadura osasuntsuaren eta obesitatearen inguruan, Leireren iritzia jaso nahi izan dugu ondorengo lerrootan.
Gantza hitza entzute hutsak izutzen gaitu. Beldur honek ba al du oinarririk?
Gaur egun, jakin badakigu, gantzak ezinbesteko elikagai taldea direla gorputzaren garapena eta funtzionamendua bermatzeko. Hala ere, gantz guztiak ez dira berdinak eta ez datoz iturri beretik. Ondorioz, eragin desberdina izan dezakete gorputzean. Saihestu beharreko koipeak ultraprozesatuta dauden produktuetan datozenak dira (gozokiak, pastelak, hesteekiak, "snack" mokuko produktuak, aurrez prestatutako janaria...), osasunerako kaltegarriak izan baitaitezke. Aldiz, oliba olioak, arrain urdinak edota fruitu lehorrek dituzten gantzak onurak izan ditzaketela ikusi dugu. Beraz, garrantzitsuena gantz horiek kalitatezko jakietatik lortzea da.
Omega 3 gantz-azidoetaz sarritan hitzegiten da. Zein onura ditu?
Omega 3ak gantz azido esentzialak dira, bizitzeko ezinbestekoak, eta gure gorputzak sortu ezin ditzakeenez, jakietatik lortu behar ditugu. Propietate antiinflamatorio eta antikoagulatzaileak dituzte. Inmunitate sisteman, nerbio sisteman zein garunaren funtzionamenduan paper garrantzitsua jokatzen dute. Hala, omega 3en kontsumoak bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua gutxitzen duela ikusi dugu, depresioan zein adinarekin lotutako narriadura kognitiboan onurak ditu. Gainera, bestelako zenbait gaixotasunen prebentzioan ere lagundu dezakeela uste dugu, minbizian eta diabetesean, esaterako.
Zein kasutan eta zertarako erabil daitezke elikadura-gehigarriak?
Elikadura gehigarriak elikadura osasuntsu bat osatzeko erabil daitezke, gehigarri gisa. Beraz, garrantzitsua da lehenbizi osasuntsu elikatzea. Hala, kasu batzuetan gerta liteke jakien bitartez soilik gure beharrak ez asetzea, eta orduan kontsumitzen dira elikadura gehigarriak. Dena den, orokorrean elikadura osasuntsu bat jarraituz gero, gehigarriak ez dira beharrezkoak, eta edozein gehigarri kontsumitzen hasi aurretik medikuarekin edo nutrizionista batekin hitz egitea ezinbestekoa da.
Zer gehigarri mota kontsumitzen da gehien?
Normalean mineralak edota bitamina gehigarriak kontsumitzen dira, hauen defizita edo defizita izateko arriskua dagoenean. Besteak beste, B12 bitamina(begetariano zein beganoetan ezinbestekoa), D bitamina (eguzki gutxiko sasoietan eta adineko pertsonetan batez ere), Azido folikoa edo B9 bitamina(haurdunaldian gehienbat) eta burdina aipatu daitezke.
Egun, supermerkatuetako apalak mota askotako jakiez beteta daude. Orain lehen baino hobeto jaten al dugu euskaldunok? Zer gehitu edo kendu beharko genuke?
Bizimodua asko aldatu da azken urteetan, eta ondorioz, baita elikadura-ohiturak ere. Lehen etxean kozinatutako janaria kontsumitzen zen, bertako eta garaiko produktuekin egina, eta denbora asko eskaintzen zitzaion janaria prestatzeari. Baina gure bizi ohiturak eta beharrak aldatzen doaz, eta honekin batera supermerkatuetan aurki ditzakegun jakiak ere. Orain aukera oso zabala dago, eta ondo elikatzea asko errazten diguten produktuak aurkitu ditzakegu. Hala ere, ultraprozesatutako jakiak geroz eta anitzagoak dira, eta hauen kontsumoa asko handitzen ari da. Produktu barietate horren aurrean, gantz, azukre eta gatz gutxiko produktuak aukeratzea gomendatzen dugu eta lehengo elikadura tradizionala gogoan izanik, landare-jatorriko produktuei lehentasuna ematea.
Garrantzitsuak al dira ariketa fisikoa eta elikadura osasuntsua pisu orekatu bat mantentzeko?
Ariketa fisikoa eta elikadura osasuntsua bizitzeko ezinbestekoak dira. Pisu egokiari dagokionez, pertsonalki ez zait kontzeptu hori erabiltzea gustatzen, eta are gutxiago osasuntsu izateko helburu gisa zenbaki bat ezartzea. Pisua parametro subjetiboa da. Azken finean, pisua neurtzen dugunean, gorputzeko elementu hainbat neurtzen ari gara: muskulua, gantza, ura, hezurdura...eta ondorioz, esan daiteke ez dela osasuna aztertzeko elementu egokiena. Beraz, gure helburuak ez luke "pisu orekatua" izan behar. Horren ordez, helburuen artean,  janariarekin harreman osasuntsua mantentzea, gorputzeko egitura, malgutasuna, erresistentzia edota indarra hobetzea izan behar genituzke, esaterako.
Dirudienez edertasunaren, modaren eta osasunaren munduak, argaldu nahi duen emakumea du ardatz nagusi. Enpresen publizitate-kanpainek ez dute inoiz erakusten gehiegizko pisua duen gizonik. Zer iritzi duzu egoera honi buruz?
Egoera honek argaltasuna goraipatzen duen gizarte batean bizi garela erakusten du. Hau, "dietaren kultura" bezala ezagutzen da, eta pisu galera bultzatzeaz gain, itxura fisiko jakin batekin bat etortzen ez den pertsona oro baztertzen du, izan emakume zein gizon. Pentsamendu honek argaltasuna arrakastarekin, edertasunarekin, zoriontasunarekin zein osasunarekin lotzera eraman gaitu, eta ondorioz, zenbait kasutan mirarizko dietak jarraituz, osasuna arriskuan jartzera. Garbi izan behar dugu pertsona baten balioa ez dutela gerri estu, pisu txiki edota beso gihar batzuek ezartzen, eta osasuna neurri eta itxura guztietan aurkitu daitekeela.
Zer arrisku topa ditzakegu Interneten aurki daitezkeen dietetan?
Dieta mirarien arriskuetako bat dieta hauekiko irisgarritasuna da. Oso erraz aurki daitezke Internet bitartez eta oso oparoak dira; denbora gutxian emaitza bikainak agintzen dituzte. Gainera, informazioa aurki daitekeen aro honetan, askoz errazagoa da oinarri zientifikorik ez duten dieten "tranpan erortzea". Dieta hauek jarraitzeak osasun kalte larriak eragin ditzake. Normalean dieta hipokalorikoak (energia gutxikoak) izaten dira, pisua galtzeko helburuarekin. Ondorioz, eta batez ere denbora luzean jarraituz gero, elikagai defizitak agertu daitezke. Gainera, gaixotasun kardiometabolikoak garatzeko arriskua areagotzen dute, eta hori gutxi balitz, osasuntsu dauden pertsonengan obesitatea izateko arriskua handiagoa dela ikusi dugu honelako dieten harira. 
Kalte fisikoez gain, metalki ere ondorioak izan ditzakete. Antsietatea eta estresa areagotzen dute, eta janariarekin harreman egokia ahalbideratzen ez dutenez, elikadura-nahasmenduak ere agertu daitezke. Azpimarratu beharrekoa da epe motzera jarraitzen diren dietak ez direla jasangarriak, eta osasuntsu elikatzeko bizi-ohitura osasuntsuak izatea dela garrantzitsua.
Gizena egotea obesitatea izatea al da?
Ez beti. Munduko Osasun Erakundearen arabera, obesitatea gorputzean gehiegizko gantz kopurua izateagatik definitzen da, eta gantz gehiegi izate horrek osasuna kaltetu dezake. Hainbat parametroren bitartez neurtzen da, eta beraz, gizena egotetik haratago doala esan daiteke. Hala, gizena dagoen orok ez du zertan obesitatea izan.
Zure ustez, gizenak baztertzen ditugu?
Bai, eta zientziak ere hala dio. Gaur egungo gizartean, nolabait ezarritako estereotipo edo arau sozialetik kanpo dagoen oro epaitzeko eta zigortzeko joera dago, eta gizentasuna ez da  salbuespen bat. Ameriketako hainbat ikerketek erakutsi dute gizartean gizentasunarekiko aurreritziak eta diskriminazioa daudela, bizitzaren hainbat arlotan negatiboki eraginez; lan-kontratazioetan, osasun zein hezkuntza zentroetan eta eremu publikoetan, esaterako.
Haurren obesitateari dagokionez, gobernuak hartu al du neurririk? Zure ustez, zer egin dezakete guraso zein ikastetxek haurren obesitateari aurre egiteko?
Obesitateari aurre egiteko konponbiderik eraginkorrena lehen mailako prebentzioa da, hau da, gaixotasuna agertu aurretik saihestea. Egia da Eusko Jaurlaritzak elikadura osasuntsuari eta haurren obesitateari buruzko egitasmoak antolatu dituela. Honelako neurriak aurrerapauso handia dira, eta osasunaren garrantziaz kontzientziatzeko tresna gisa oso baliagarriak izan daitezke. Hala ere, anbizio handiko ekimen hauek praktikan jartzea zaila izaten da batzuetan. Horregatik, edonolako neurri instituzionalak hartuta ere, lehen mailako prebentzio horretan guraso eta hezkuntza zentroek ardura handia dute, txikitatik elikadura eta bizi-ohitura osasuntsuak transmititzea ezinbestekoa baita obesitateari aurre egieko.
Egunean zenbat aldiz jan behar da gorputz osasuntsua izateko?
Egunean egiten den otordu kopurua pertsona bakoitzaren beharren araberakoa da; norberaren errutina, bizi-ohitura eta gustuen araberakoa. Ez dago osasuntsu bizitzeko formula bakarra, norberak ezagutzen du bere burua ondoen, eta horren arabera hartu beharko ditu osasuntsu izaten lagunduko dioten erabakiak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!