Adimen artifiziala gure artean

Erabiltzailearen aurpegia Idoia San Sebastian 2020ko abe. 1a, 16:07

Ione Cisneros oriotarra THE EGG, adimen artifizialeko lehenengo eskolako ikaslea dugu. Urola Kostako Udal Elkartearen bitartez ezagutu zuen Ionek THE EGG.

Pasa den urteko urriaren eta abenduaren artean, UKUE-k (Urola Kostako Udal Elkartea) antolatutako "Izan Be Digital" izeneko formakuntza programa batean parte hartu zuen, Informazio eta Komunikazio teknologien arloko gaitasunak garatu eta hobetzeko. Bertan, Unai Martinez ezagutu zuen, adimen artifizialeko lehenengo eskolako sortzaileetako bat. "IOT (Internet Of Things) erakusten zigun bitartean, THE EGG proiektuari buruz hitz egin zigun eta lehenengo hautaketa prozesuan parte hartzera gonbidatu gintuen. "Egia esan, nire adina eta formakuntza kontuan hartuta, ez zirudien proiektuan parte hartzeko gai izango nintzenik, baina, Unaien animoei esker, erronka berriei aurre egiteko betidaniko grinak, proiektu honetan parte hartzera bultzatu ninduen". Ordutik hona, hainbat hautaketa prozesutan parte hartu du Ionek.

2020ko ekainaren 11an hasi zen martxan adimen artifizialeko doaneko lehenengo eskola. Hirurehun inguru pertsonak hartu zuten parte lehenengo faseko jokoetan, eta egun, berrogeita hamar ikaslek osatzen dute adimen atifizialeko eskola, Gipuzkoako eta Bizkaiko kanpusak kontuan hartuta. Ikasleek elkar aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuten irailean. Dena den, birtualki ezagutzen dira. Gainera, pasa den otsailean Oronako IDEO zentroan ikusi zuten elkar hautaketa prozeduraren bigarren zatian. Hautagaien adina hogei eta berrogeita hamar urte bitartekoa izan da eta emakumeak gutxiengoa izan dira. "Adimen artifizialak eskaintzen dizkigun aukerak, ikasteko gogoak eta "egger"-a bilakatzeko aukerak elkartu gaitu THE EGG proiektuaren inguruan", adierazi du Ionek.


Gaitasunak, motibazioak eta gogoak, irizpide nagusi hautaketa prozesuan
"Proiektu honen alde positiboena azpimarratzekotan, hautaketa prozeduran kontuan hartu ziren irizpideak aipatuko nituzke. Irizpide ekonomiko eta akademikoak alde batera utzita, norberaren gaitasunak, motibazioak eta gogoak hartu dira kontuan. Hautaketa prozedura honetan parte hartzaile guztiok aukera berdinak izan ditugu hasieratik. Oro har, ez da horrela gertatzen. Tamalez, askotan oraindik, adinaz, sexu generoaz, egoera zibilez galdetzen dizute. Proiektu honek beste enpresa askorentzat eredugarri izan beharko luke", diosku Ionek.
"Norberaren gaitasunak ez dira urteen poderioz galtzen, ezta ere gizonezkoa zarelako irabazten. Jakinmina baduzu, gogorik baduzu, ikasten jarraitzen baduzu, ateak irekita egon beharko lirateke edonorentzat. Ikuspegi positibo bat marraztu nahiko nuke, berrogei urtetik gorako biztanleriarentzat batik-bat, lan arlotik kanpo uzten gaituzten emakumeentzat. Jakin badakit ez dela errraza, baina aukerak badaude eta teknologia berrien arloa izan daiteke abiapuntu. Horregatik, jendea eremu berri hau probatzera animatu nahiko nuke", azpimarratu du Ionek.
"Bestalde, jendea adimen artifizialari buruz aztertu, ikertu eta ikastera gonbidatu nahiko nuke. Urte gutxi barru adimen artifiziala gure artean izango da. Eta teknologia berri hau ezagutzeko oinarrizko ikastaroak topa ditzakegu internet-en", gaineratu du.

Adimen artifizialaren abantailak eta arriskuak
"Adimen artifizialaren erabilerak orain arte pertsonek egiten zituzten lanen automatizazioa ekarriko luke. Argi dago, lan errepikakor asko desagertu egingo direla eta automatek garatuko dituztela. Horrez ez du esan nahi lana gizakientzat bukatuko denik, aldatu egingo dela baizik. Beraz, lanpostu berriak izango ditugu: disenatzaileak, ingenieriak, garatzaileak, mantentze-lanetako teknikariak... Robotek dena egiten zuten zientzia-fikziozko irudietatik oso urrun gaude. Aldiz, artisautza-lanak, arreta pertsonala, zaintza pertsonala eta hezkuntza gehiago baloratuko dira", diosku Ionek.


"Bestetik, makinak, oso denbora gutxian informazioa prozesatzeko gai direnez, datu asko erabiltzen diren zereginetarako aproposak dira, esaterako Big Data. Adimen artifizialaren barnean, Learning Machines deritzon teknikak topa ditzakegu. Teknika hauek aldez aurretik gertatuko dena esateko lagungarriak dira baina oraindik gizakion garunaren funtzionamendutik oso urrun daude. Dena dela, informazio multzo haundia darabilgunean, ordenagailuak azkarrak eta eraginkorrak dira nahiz eta batzutan ez diren gai gizakion ondorioak ateratzeko", aitortu du Cisnerosek.


Bestalde, adimen artifizialak badu eraginik gure eguneroko bizitzan. Ione Cisneros-en esanetan, "telefono mugikorra darabilgunok eta erosketak internet bidez egiten ditugunok, adimen artifizialarekin topatzen gara aurrez aurre. Gure gustuen, erosketen, lagunen bilaketen arabera hainbat eskaintza prestatzen dira. Gure telefono mugikorrak badaki zer nahi dugun eskatu aurretik, facebook-ek lagunak gomendatzen dizkigu, google-ek produktuak eskaintzen dizkigu... Tresna guzti hauek gure bizitza arakatzen, kontrolatzen eta gidatzen dute, informazio pertsonal ugari biltzeaz gain. Beraz, kontu haundiz ibili behar dugu. Zenbat eta gehiago teknologizatu, hainbat eta garrantzi haundiagoa hartzen du zibersegurtasunak".


"Esan, bestalde, ikerketa batzuek roboten emozio sintetikoak sortu dituztela, giza emozioekin parekatzen direnak. Esaterako, robot bat gose egon daiteke energia gutxitzen zaionean. Robotak gizakion emozioak atzemateko gai dira, bere erreakzio fisikoen bidez: pultsua, izerditzea, malkoak, ahots-tonua... Hainbat modutan erreakzionatzeko programatuta daude. Baina robotek oraindik ezin dute gizakiok bezala sentitu", gaineratu du Ionek.

Adimen artifiziala erraza da
"Adimen artifiziala teknologia zaila dela uste dugu. Informatikari, ingenieri eta ikerlari batzuen esku dagoen teknologia dela pentsatzen dugu. Baina oker gaude. Adimen artifiziala erraza da ta guztion esku dago. Edonork programatu, datuak garbitu eta neurona-sareak entrenatu ditzake. Adimen artifizialak esparru guztietako pertsonak behar ditu eta erraz ikasi daitekeen teknologia da", gogoratu digu Ionek. 
"Bestalde, une honetan lanean egon ez arren, adimen artifizialaren alorrean ez dut matxismorik nabaritu. Emakumeak gutxiengoa garen arren, gure gaitasunagatik baloratzen gaituzte. Teknologia berriak interesatzen bazaizkizu, adimen artifizialaren mundua probatzera animatuko zintuzket. Internet-en eta Youtube-n doako ikastaroak topa ditzakezu, hala nola, Big Data, Learning Machines eta oinarrizko programaketari buruzkoak. Adinak ez du neurri murriztatzailea izan behar. Ezin dugu saihestu, aldiz, enpresek berrogei urtetik gorako emakumeak kontratatzeari uko egitea. Erreklutatzaileen, gobernuen eta enpresen lana da pertsona baten ezaugarriak eta gaitasunak kontuan hartzea, adina, sexua eta arraza edozein dela ere. Ezinezkoa dirudi adin jakin batean lan duina lortzea, eta emakume izateak egoera okertzen du", azpimarratu du Ionek, egoera hau pairatzen duen emakumea izanda. 

Adimen artifizialaren beharra
Etorkizun hurbilean, adimen artifizialaren alorrean lan egiteko Europan 900.000 pertsona beharko direla diote. Zentro publiko eta pribatu batzuetan dagoeneko adimen artifizialari buruzko ikastaro eta masterrak martxan daude. Ioneren esanetan, adimen artifizialaren beharra hor dago eta erakundeak ohartuta daude, nahiz eta enpresa askotan oraindik adimen artifizialaren erabilera ez ezagutu.


Adimen artifizialak mesede egiten dio prozesuen, zereginen eta kudeaketaren eraginkortasunaren hobekuntzari. Beraz, esparru hauetan lan egiten duten industriek lortuko dute etekinik handiena, hala nola, banketxeak, turismo, osasun eta giza baliabideen arloak", esan du Ionek.

Programarik ez baduzu, programatuta egongo zara
"Zuk zeuk ez badituzu erabakiak hartzen, besteek hartuko dituzte zure ordez. Webguneek ez ezik, badaude pertsona manipulatzaileak, zeinak lortzen dituzten datuak, modu txarrean erabil ditzaketenak. Beraz, informatzea, entzutea, eta informazioa aztertzea oso garrantzitsua da, segurtasunez jokatzeko. Batzutan, erabaki bat hartzen dugunean, besteek ez gaituzte ulertzen, erabaki hori hartzeko erabili dugun informazioa ez dutelako. Geure buruarengan sinets dezagun, beste argudio edo ideia batzuk baztertu gabe", adierazi du Ionek.

"Azkenik eta agurtu aurretik, eskerrak eman nahi dizkiet THE EGG adimen artifizialaren heziketa proiektua eraikitzen lagundu duten pertsona guztiei, besteak beste, Unai Martinez, Karlos Zuñiga (Skootik) eta Orona Ideo-ri (kolaboratzaile gisa)".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!