Salatxo Abesbatzaren doinu eta abestiak, Balearen Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Idoia San Sebastian corta 2022ko mai. 16a, 16:39

Salatxo Abesbatzak 2022ko Balearen Eguneko programan parte hartu du, kaleak girotuz.

 

Balearen Egunean, 11.30ak aldera, Bikamiotatik abiatu ziren Salatxo Abesbatzako kideak, Igor Arroyoren zuzendaritzapean, Amaia Gutierrez biolin-jole eta Xabier Gaiton gitarra-jolearen laguntzaz. Balearen Bertsoak abestu zituzten aurrena,  herritarrak ere kantatzera animatuz. Horretarako, abestien hitzen hainbat kopia banatu zituzten haien artean. Ondoren, Kantuz abestu zuten.

Bigarren geldialdia Oteizaren Pietatearen parean egin zuen Salatxok. Elizaren azpian,  hiru abesti kantatu zituen: Arrantza, Habanera eta Boga Boga, hain zuzen ere. Hirugarren geldialdia Kutixi kafetegiaren aurrean izan zen. Salatxo abesbatzako kideek Itsasorari begira, Ni naiz emakume bat eta Herribera kantuak abestu zituzten. Eta azkenik, plazan, Elizako aldapan, 13:00etako kanpai hotsa entzun aurretik, bost abesti kantatu zituzten: Mutil txaleko gorri, Zazpi laguntxo, Orioko zuluan, Bertso txiki bat eta Goiko kaleko.

13:30ak aldera, arraunlari eta arrantzaleek, harrapatutako balea sokaz lotuta ekarri zuten. Orduan, Salatxo Abesbatzak, balearen bertsoak abestuz egin zien ongietorria, Harribil dantza taldearen laguntzaz. Eta Balearen Eguna amaitu baino lehen,  Xabi Arostegi DJ-aren saioaren aurretik, koruko zenbait kidek Balearen Bertsoak abestu zituzten plazan, berriro ere.

Salatxo Abesbatzak oriotar kantuzale guztiei korura batzeko deia egin nahi die. Entseguak astelehen eta ostegunetan 21:00etan Kosta Tailerreko lokalean izaten dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!