Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira martxa, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Irriparra berreskuratu!! 2022ko mai. 11a, 16:20

Irriparra Berreskuratu taldeko kideok aurreko urtean joaldunekin partu hartu genuen martxa horretan, eta aurten, elektrotxaranga batekin animatuko da martxa. Guztiok gonbidatuta zaudete osasunaren alde parte hartzera.

Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideok —Donostia Bizirik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan elkarteek babesarekin— dei egiten diegu herritarrei maiatzaren 14an, 11:00etan, Lasarte-Oriako Okendotik abiatu eta Zubietan eraikitako erraustegiraino oinezko martxa batean mobilizatzera, agintariei exijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon.

Aurtengo martxaren deialdian honako galdera jarri dugu: "Donostiako erraustegiaz…zer ez digute esaten?". Hemen gatoz hori azaltzera.

  • Ez digute esaten… Zubietako labeetan erretzen duten hondakin tona bakoitzeko zenbat CO2 kopuru isurtzen duten airera. Eta CO2 asko da, jadanik zoratuta dabilen gure klima are gehiago kaltetzen duena.
  • Ez digute esaten… Zubietan erraustutako hondakin guztien %23 —labeetan sartutako guztiaren ia laurdena— zepa edo eskoria bezala ateratzen dutela, eta gero eskoria horiek Arrigorriaga, Lemoa eta Añorgako porlan fabriketara eramaten dituztela, hor porlanari nahasi eta munduan barna zabaltzen jarraitzeko.
  • Ez digute esaten… tximinietako filtroetan biltzen diren errauts toxiko arriskutsuek direla erretako guztiaren %3, eta gero, Gaztelara eramaten dituztela.
  • Agintariek esan digute, bai, TMBra 2021ean iritsitako 138.000 tona errefusetik berreskuratu omen dituztela 6.380 tona, baina ez digute esaten beste 90.000 tona hondakin birziklagarri labeetara erretzera joan direla. Horietatik, 60.000 tona organiko zabor nahasietan Zubietaraino eramandakoak.
  • Ez digute esaten, ezkutatu egiten digute… Zubietako erraustegiko labeak, batez ere, hondakin birziklagarriak erretzeko daudela, hor erretzen den gehiena, %65, birziklagarria baita.
  • Hondakin organikoa Gipuzkoako herri askotan oso ondo bereizita eta ia inpropiorik gabe biltzen dute. Eta agintariek ez digute esaten ondo ari diren herri horietako primerako organiko garbia Zubietan biometanizatzeko nahastu egiten dutela borondatezko gaikako bilketa daukaten beste herrietakoekin, alegia, inpropio askorekin bildutakoarekin nahasten dutela. Ezkutatzen digute primerako konposta egiteko balio duen organiko asko, herritarrok ondo bereizi eta udal askok txukun-txukun bildua, alferrik galtzen dutela.
  • Zubietako plantan biometanizatutakoan gelditzen den organiko hondarra, digestatoa deitua, ez dute konpostatzen: Nafarroako Artaxoako planta batera bidaltzen dute, baina horretaz ere ez digute ezer esaten agintariek.
  • Ez digute esaten… Gipuzkoan sortzen diren hiri hondakinen %87 birziklagarria izan arren, %55 bakarrik birziklatu zela. Horrek erakusten baitu inbertsioak benetako gaikako bilketa sistema eraginkorrak ezartzeko baliatu behar direla, eta ez birziklagarriak diren baliodun hondakinak erretzeko labetzarren planta eraikitzeko.
  • Ez dute esan nahi… Gipuzkoako hiriburua, Donostia, %42ko gaikako bilketa eskasean ainguratuta dagoela 2019tik, mugitu gabe, Europak 2020rako jarritako %50eko birziklatze tasa lortzetik oso urrun.
  • Esaten ez diguten bezala… Donostiak daukan gaikako bilketa sistema negargarriarengatik, urtean 20.000 tona hondakin organiko baino gehiago errefusaren edukiontzira nahasita botatzen jarraitzen duela.
  • Honakoa ere ezkutuan pasatzea nahiko lukete gure agintariek: Europako Hondakinen 2018ko Zuzentarauak jasota daukan arren, 2010eko emaitza erreferentzia bezala hartuta, 2020rako %10 murriztu behar zela hondakinen sorkuntza… Gipuzkoa oso urrun dagoela helburu hori lortzetik.
  • Eta Zubietako erraustegia eta beste azpiegiturak martxan dauden arren, 2021ean, Gipuzkoan, errefusa kopurua igo egin da, Sasieta mankomunitatean salbu.
  • Eta azken ordukoa! Erraustegiko bi labeak geldirik daude apirilaren 26az geroztik arazo teknikoak medio. Ez dakigu zein diren arazoak, zenbat denboran egongo diren geldirik eta zer egiten ari diren zaborrekin. Hori ere ez baitute esaten.

Gipuzkoako hondakinak kudeatzen dituztenek eta agintariek diru asko xahutzen dute Zubietan eraikitako azpiegitura erraldoiak zuritzeko —eta berdetzeko— komunikazioan, publizitatean eta propagandan. Hitzetik hortzera darabilte Ekonomia zirkularra, ahoa beteta aipatzen dituzte klimaren zoratzeari eta energia krisiari aurre egin beharra. Baina herritarrei ezkutatu nahi diete errealitatean sustatzen duten hondakinak kudeatzeko eredua xahutzailea dela, energia eta diru publikoa alferrik galtzen dituela eta herritarren osasuna kaltetzen duela. Agintariok, Ekonomia zirkularra diozue? Zuen ereduan benetan zirkularra dena da diru publikoa poltsiko pribatuetara eramateko ibilbidea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!