'Hankak lokatzetan'

Erabiltzailearen aurpegia Jon Agirresarobe 2019ko urt. 28a, 15:49

Jon Agirresarobek KARKARAko 402. zenbakian idatzitako iritzi artikulua.

Hasiak omen dira telefono deiak. Zurekin kafe bat hartu nahi dut esaldia entzuten baduzu aukeratua izan zara. Deskafeinatua hartu badaezpada. Ugariak baitatoz parte hartze proposamenak: Udalak gidari berriak behar ditu, Arraun Elkartean ere amaitzera omen doa bigarren legealdia.

Sakristauek eta aguazilek jarraituko al dute bere postuan? Aldaketak egoteko, ordea, zuetako batzuk baietz esan behar duzue. Utzi tabernan edo parkean mingaina dantzatzeari eta hasi lanean. Hankak lokatzetara. Askok galdetu izan didate Udaleko esperientziaz.

Gogorra da lanetik atera eta gaueko hamarrak arte etxera iritsi ezina; gogaikarria etxe aurreko arbola gehiegi luzatzen ari delako purrustan hasten den herritarra; deserosoa herritarrek begiradaz emandako epaia; mingarria aberastu egingo haiz lagunaren komentarioa. Halere, animatzen zaituztet baietz esatera: bizitzako esperientzia ederrenetakoa izan da niretzat, gizartea ulertzeko kokapen ariketa ederra. Egin zerbaiten alde.

Nik hiru gomendio sartzen denari. Bat. Ez kanpainarik egin, ez esan besteak baino hobea zarenik. Bi. Kaleko buruhausteak ez eraman etxera, zutaz arduratzen direnentzat gorde aurpegi onena. Hiru. Lehen bi urteetan aurrez egon direnei bota zuen akatsen errua. Esan baietz!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!