Migel Illarramendi, pertika-jauziko atleta

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko ots. 23a, 19:22
Espainiako pista estaliko atletsimoko aurreneko txapelketa ekarri du gogora Iñaki Iturainek

Aurten, Espainiako pista estaliko atletismoko txapelketa Sabadellen jokatu da, otsailaren 22 eta 23an. Aurtengoa txapelketaren 50. edizioa izan da eta, ospakizunez gain, orain arteko txapelketak oroitzeko erabili dute urteurren borobila.

Ordukoak gogora ekartzen hasita, guk ere gogoratuko dugu lehenengo txapelketa 1965eko otsailaren 27an jokatu zela, Madrilgo kirol-jauregian, eta egun hartako lehian oriotar batek parte hartu eta, gainera, domina eskuratu zuela.

Migel Illarramendi izan zen atleta oriotar hura. Pertika-jauzian lehiatu zen eta hirugarren geratu, lau metro eta hogei zentimetroko jauzia eginda, Ignacio Sola eta Miguel Consegalen atzetik, eta brontzezko domina eskuratu zuen lehen edizio hartan.

Egun hartan 66 atletek parte hartu zuten txapelketan –42 gizonezkok eta 24 emakumek–, 3.000 zaleren aurrean. Espainiakoan parte hartzeko aukera Gipuzkoakoan eskuratu zuen, aurrena geldituta, urrezko domina irabazita.

Garai hartan Orion bazen atletismorako zaletasuna. Migelekin batera, beste zenbait oriotar ere ibili zen, orain mende erdi inguru, atletismoko probetan: Jose Mari Alberdi, Jose Migel Loidi, Benito Lertxundi, Marivi Tarantino, Mirentxu, Arantxa eta Antonio Campos anai-arrebak, Josekutx Exposito... Geroxeago, Jose Migel Leunda ere bai.

Pertikako entrenamenduak Dikeko soro batean egiten zituen Migelek. Inoiz egin zuen saltorik handiena 4,70ekoa izan zen. Orion bertan, plazan, 4,50ekoa ere egin zuen. Plazan egiten zituen salto haietan, erorketako kolpea arintzeko, hondarra jartzen zuten lurrean, hondartzatik gurditan ekarrita.

Migel Illarramendi Orion bizi da gaur egun, eta oraindik ez du guztiz bazter utzia kirolaren praktika, orain golfean jokatzen du eta.

Zorionak, 1965eko domina harengatik eta, batez ere, Orioko plazako salto haietan onik atera zelako, lau metro eta erdiko alturatik hondar gainean erorita!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!