LARUNBAT ARRATSALDEAN IKASTOLAK ANTOLATUTAKO VII. ORIOKO HERRI LASTERKETA JOKATUKO DA

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2017ko abe. 14a, 12:12
Urtero bezala, Herri Lasterketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak. Larunbatean jokatuko da atletismoko proba motza, eta 10 kilometroko ibilbide laua egingo dute lasterkariek arratsaldeko 16:30ean hasita. Haurrentzako probak ere antolatu dituzte, eta lasterketa nagusia baino lehentxeago jokatuko dira.

Lehenago ere Orioko Udaleko kirol sailak antolatzen zuen Herri Lasterketa abenduan, San Nikolas jaien bueltan. Ikastolak duela zazpi urte hartu zuen antolatzearen lekukoa, udalak antolatzeari utzi zionean. Zigor Saizar Ikastolako zuzendariaren hitzetan, urtean zehar hainbat kirol jarduera eta ekimen kultural antolatzen dituzte: "Herri eragile bat gara, ez soilik hezkuntza eragilea". Herri Lasterketarekin, herri mailan kirola sustatu eta hezkuntza komunitatean beste kirol mota batzuk egiteko aukera eman nahi diete gaztetxoei.   

Ikasturtearen hasierarekin batera hasi ziren Herri Lasterketaren prestaketekin. "Behobiaren inguruan lasterketa asko egoten dira, eta egutegian ondo kokatzea garrantzitsua izaten da". Lasterketak eskatzen dituen antolaketa lanekin hasten dira ondoren, urrian: materiala, izen-ematearen prozedura... 
"Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da lasterketa hasi baino ordubete lehenago; tramiteak direla-eta, zerbait garestiago". Gehienez ere 400 pertsonak eman ahalko dute izena, eta 120 parte hartzailek eman dute gaur arte. Hala ere, aste honetan bertan parte hartzaile kopurua igotzen ari dela azaldu du Saizarrek: "Azken egunetara arte ez du jendeak izena ematen. Iaz 200 pertsonak eman zuten, eta kopuru horretara iristea espero dugu".  

Haurren probak

10 kilometroko proba nagusia ez ezik, haurren probak ere antolatu ditu Ikastolak. 15:45ean emango diete hasiera haurren kategoriei. Hiru jokatuko dira: 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoek 1000 metro egingo dituzte, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek 600 metro eta 2010 eta 2011n jaiotakoek 300 metro.  

"San Nikolasetako Kamel Ziani haur krosaren jarraipena emango zaio proba honekin". Proban parte hartzera animatu nahi dituzte Orioko eta inguruetako gaztetxoak. Haurren kategorietako izen ematea doakoa izango da, eta Ikastolan bertan eman ahal izango dute, 14:30etatik 15:30etara

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!