KOLOSALA IZAN ZEN IKASTOLA EGUNA

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2018ko eka. 11a, 09:37
Larunbatean ospatu zen Ikastola Eguna izugarria izan zen. Goizean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek ikuskizun ederra eskaini zuten, giza balioak transmititzeko abesti, doinu eta dantzak erabiliz: enpatia, berdintasuna, elkartasuna, aniztasuna... Ikusle bat baino gehiagori begiak busti zitzaizkion topera beteta zegoen Karela kiroldegian, hunkigarria izan baitzen ikasle eta hezitzaileek eskainitako ikuskizuna. Hemen dituzue ikasleek giza-balioei buruz egindako bertsoak:

Ondokoari irribarretsu

agertzea sinpatia

bere lekuan jartzen saiatu

horixe da enpatia

 

Gaixo, eskale, lagun, guraso…

aitonak eta amonak

elkar ulertu ta laguntzeak

egiten gaitu pertsonak

 

Emakumeen eta gizonen

arteko askatasuna

goazen parean, ontzi berean

hori da berdintasuna

 

Nahastu ditzagun baloi, panpinak,

arroxak eta urdinak

denoi berdina gustatu gabe

izan gaitezke berdinak

 

Norbait bakarrik dagoenean

behar duen maitasuna

errespetua ta konfiantza

hori da laguntasuna

 

Zuek gurekin, gu beraiekin

ni zurekin, zu nirekin

beti gustuko baten batekin

beti denok elkarrekin

 

Euskaldun askok jaso genuen

kanpoan goxotasuna

guk ere ondo hartu ditzagun

hori da elkartasuna

 

Guztiok maite dugu bizitza

umorea eta ziria

hain desberdinak ere ez gara

Orio eta Siria

 

Gorriak gorri, beltzaren beltza

zurien zuritasuna

nahastu gabeko zenbat kolore?

hori al da aniztasuna?

 

Koadrilak nola sortzen ditugun

ikusi eta aztertu

zergatik utzi norbait kanpoan?

zergatik inor baztertu?

 

Sartu taldean horiak, beltzak,

urdinak eta moreak

guk uste baino gehiago dira

Orioko koloreak

 

Elkarri ura piska bat botaz

elkar-trukatu loreak

zaindu ditzagun ba baloreak

ez izan babaloreak

 

Doinua: Armen hartzera deitu ninduten…

Ondoren, Ikastola aurrean, Ikastolako gurasoek prestatutako hamaiketako goxoa jateko aukera izan zen, eta hamaiketakoa girotzeko Ikastolako batukada taldeak erritmoa eta saltsa jarri zuten.
Eguna elkarrekin eta gustura bukatzeko, herriko frontoian 500 pertsona elkartu ziren herri-bazkaria egiteko. Txukun-txukun antolatuta, unean bertan egindako paella erraldoia jan zuten guztiek eta amaitzeko, DJ-Gurruk jarritako musikarekin dantzan aritu ziren.
Kolosala izan zen 2018ko Ikastola Eguna! Zorionak eta eskerrik beroenak boluntario lanetan aritu zineten guzti-guztioi!

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!