Gutuna: Ikastolako DBH 4. mailako ikasleak eta irakasleak zorionduz eta eskertuz

Erabiltzailearen aurpegia
Gutuna: Ikastolako DBH 4. mailako ikasleak eta irakasleak zorionduz eta eskertuz

Sarritan, arinkeriaz edo ezjakintasunez, oso erraz epaitzen ditugu gaurko gure gaztetxoak: ez dutela egiazko konpromisorik, beraiengan giza balio falta handia sumatzen dela, euren buruaz baino ez direla arduratzen, egoista samarrak direla, parrandan eta drogan besterik ez dutela pentsatzen etab. Salbuespenak salbuespen, gaurko gaztetxoen aurkako antzeko juzgu eta esamesa asko funsgabeak eta gezurrezkoak izaten dira, gehienetan. 

Baieztapen honen lekuko eta frogagarri bezala, Orioko Ikastolako DBHko ikasleek urtero Gabonetan antolatzen duten Solidaritateko Tonbola eredu ipintzeko modukoa dela aditzera eman behar dugu. Jende askok - ikastolako guraso eta ikasleak barne - agian, ez du jakingo Ikastolako DBHko 4. mailako ikasleek Rwanda, Afrikan, GIHARA izeneko herrialdeko eskolei laguntzeko konpromiso sendo eta trinkoa hartuta daukatela, duela urte batzuk geroztik, bi eskolen arteko senidetzearen bitartez, hango ikasleekin harreman estuak mantentzen dituztelarik. 2.809 ikasle dabiltzan eskola behartsuez mintzo gara. 1945 ikasle Lehen hezkuntzan eta 864 Bigarren hezkuntzan. 

Gabonetako Tonbola honen xedea ez da urteroko Ikas bidaia ordaintzeko dirua sortzea soilik, jakina, hori da lehen helburua; ekintza honek badu solidaritatearekiko lotura duen beste helburu garrantzitsua ere, hau da, ekimen honetan ateratzen den diruaren erdia GIHARAKO eskolei laguntzeko zuzendua izaten baita. Iaz, 2018ko Gabonetan bildutako diru kopurua 2.405 eurokoa izan zen. Laguntza potoloa hango ikasleen beharrei erantzun ahal izateko, eraikuntzak, altzariak eta materiala besteak beste.

Diru hori, Lazkaoko San Benito Ikastolako beste diru laguntzekin batera jan-gela eta, aldi berean, orotariko gela izango dena zahar-berritzeko lanar ordaintzeko proiektuan erabiliko da aurten. Guztira, bi ikastolen ekarpena 2018ko Gabonetan 6.238, 51 eurokoa izan zen. Gure eskerrik beroenak ekintza hau ahalbidetu duten guztiei eta datorren ikasturtean DBH 4 egingo duten ikasleak ere saia daitezela emaitza oparoak lortzen eurei elkartasun tonbola antolatzea tokatuko baitzaie. Ez ahaztu Rwandako GIHARAN, Afrikako bihotzean, non lagundua badugula.


Demetrio Esnaola, Orioko Herri Ikastolakidea eta Giharara (Rwuanda) laguntza bideratzailea

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!