Iratxe Esnaola: “Haur eta nerabeek arauak eta irizpideak behar dituzte smartphone-ak erabiltzen ikasteko"

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2019ko urr. 21a, 11:20

Sare sozialek eta bideojokoek pertsonen harremanetan duten eragina izan zuen hizpide Iratxe Esnaolak, urriaren 16an, Orioko Ikastolako areto nagusian eman zuen hitzaldia.

Iratxe Esnaola: “Gurasook jarrera aktiboa izan behar dugu smartphone-aren erabileran. Erabilera arauak jarri behar dira, irizpideak sortu, norbere etxean eta kolektiboan”

Iratxe Esnaolarena hitzaldi interesgarria eta interaktiboa izan zen, gurasoen kezkak eta galderak ugariak baitira. Smartphonek eta sare sozialek gaztetxoen bizitzetan zein paper betetzen duten ulertzea, Smartphonarekin zein harreman dugun eta izan nahi dugun hausnartzea, eta mugak jartzearen garrantziaz jabetzea izan dira hitzaldiaren ardatzak. 

Iratxe Esnaolak, informatika-ingeniaria eta hezkuntzan doktorea, erabilienak diren sare sozialen inguruko errepaso batekin hasi zuen hitzaldia:

  • Instagram: Irudiari bideratua dagoen sare soziala da. Argazki edo bideo bat igotzen da eta jarraitzaileek ikusten dute. Nerabezaroan kideen aitortza eta irudia (batez ere nesken kasuan) hain garrantzitsua izanik, oso sare erabilia da. Jarraitzaile asko edukitzea da nerabeen helburua, aitortza soziala jarraitzaile-kopuruaren baitakoa dela uste baitute. Instagram kontua publikoa ala pribatua izan daiteke, hortaz, gurasoek ziurtatu behar dute nerabeak kontu pribatua edukitzea. Non-zer zabaltzen ari den ikasi behar du nerabeak eta horretan lagundu behar dio gurasoak.   

  • Whatsappa: Elkarrizketetarako sare soziala da. Haur eta nerabeen whatsapp bidezko komunikazioa, maiz, ez da efektiboa, jolasa baizik. Kontuz ibili behar da, hala ere, batez ere bazterketa kasuak egon daitezkeelako. Nerabeek taldekide sentimendua indartzen dute whatsapparen bidez.

  • Smapchat: Bertan argitaratzen dena (argazkiak, mezuak, bideoak) 10 segundotan ezabatu egiten dira. Argazki efemeroetarako erabiltzen da. Hala ere, kontuz ibili behar da kapturak egiteko aukera dagoelako eta, hortaz, ezin delako bermatu igotzen den argazkia edo bideoa sortzaileak nahi bezala 10 segundotan desagertuko denik. 

  • Youtube: Nerabeek inongo filtrorik gabe erabiltzen dute, nahiz bertan denetik dagoen. Bideoak bata bestearen atzetik ikusteko aukera horrek denbora-galerarekin ere zerikusia du.

Bideojokoa:

  • Fornite: Oso famatua egin den bideojokoa. Oso adin-tarte desberdineko jendea biltzen du eta, neska zein mutil, biek erabiltzen dute proportzio berean. Fornite joko desberdinak daude. Ezagunena isla batean gertatzen da eta jokoa irabazteko jokalariak bertan dauden guztiak akabatu behar ditu. 12 urtetik gorakoentzako dago baimendua, suzko armak dituelako eta mikrotransakzioak daudelako. Bestalde, jakina da, Fornite-an adituak direnen jokaldiak Youtuben ikusten pasatzen dutela denbora nerabeek. Adituen iritziz, futbolari onenak ikustea bezala izan daiteke Youtube-n jokalari puntakoenen bideoak ikusteko gogoa. Azkenik, Iratxek ohartarazi zuen, denbora neurtzeaz gain eta zein joko jolastu aukeratzen laguntzeaz gain, kontuz ibili behar dela nerabeak norekin txateatzen duen. Izan ere, txat horietan erabiltzen den hizkera bortitza da eta, beraz, txata desaktibatuta jokatzeko gomendatzen du. 

Zenbat denbora pasatzen duten mugikorrarekin!
Gurasoen kezketako bat da nerabeek smartphone-arekin edo ordenagailuan pasatzen duten denbora. Iratxeren hitzetan, gurasoen ardura da nerabeak zertan ibiltzen diren jakitea eta mugak jartzea. Horretarako, ezinbestekoa da nerabearen eta gurasoen arteko konfiantzazko harremana edukitzea. Egon behar du nahikoa konfiantza edukiak erakusteko. Gurasoa bidelagun izan behar da. Bestalde, mugikorra eman aurretik muga horietaz hitz egitea ere garrantzitsua dela deritzo. Drogez hitz egiten den bezala, nerabeak mugikorrarekin duen harremanaz ere hitz egin behar da. Gaiari zenbat eta lehenago heldu, hobe. Mugikorrarekin harremana eduki baino lehen, lagundu behar zaio harreman hori nolakoa izan behar den ulertzen eta, horretarako, irizpideak ez ezik, eredua ere behar du. Alegia, gurasoek ere ausnartu behar dute noiz-nola erabiltzen duten mugikorra. Azkenik, nerabeak gurasoak baino manejo gehiago edukitzeak ez du esan nahi gurasoa baino gehiago dakitenik, ez baitute irizpiderik, ez dakite nola erabili.

Nola sustatu nerabeen artean aurrez aurreko komunikazioa eta ez mugikorraren bidezkoa
“Lagunekin zaudenean, ahal duzun neurrian, ez hartu mugikorra” gomendatu behar dio gurasoak haurrari. Errespetuzko beste hainbat mezu ematen dizkiogun bezala, mugikorra noiz/nola erabili ere azaldu beharko diegu. Noski, ez da inoiz ahaztu behar helduak garela ereduak eta, beraz, helduok ere behar den bezala erabili behar dugula mugikorra.

Gurasook zer egin behar dugu? Nola egin behar dugu?
Iratxeren hitzetan, teknologiekin jaio ez garen arren, jarrera aktiboa izan behar dugu. Mezua sortu behar dugu, irizpideak sortu behar ditugu, erabilera baldintzak adostu, indibidualki eta kolektiboki. Kasu guztietan, arau falta da arazoa. Guraso berrien belaunaldia ez zen tresna hauekin jaio eta, hortaz, ez zuen arau horien beharrik, baina, orain, arauak behar dira eta gurasoek sortu behar dituzte.

Zein adinetatik aurrera eman behar zaie mugikorra?
Iratxe-ren iritziz zenbat eta beranduago sartu tresna horiek, hobe. Maiz, norbere umea bakarrik geldituko den beldurragatik ematen da mugikorra, baina ez du zertan horrela izan. Beldurra ez da errealitatea. Bideak topatu behar dira haurrak lagun-taldeko kide izaten jarrai dezan. Bestalde, etxe guztietan erabaki bera hartuko balitz, adibidez, gela bateko gurasoen artean erabakiko balitz zein adinetan eman mugikorra haurrei, gauzak asko aldatuko lirateke. Erabaki kolektiboa hartzea ez da erraza, baina ez da ezinezkoa. 

Kolektiboaren garrantzia
Arauak eta erabilera-irizpideak norberak bere etxean har ditzake, baina, egia da halaber, ardura kolektiboa ere batela gurasoek. Ez da erraza izango guraso guztiak ados jartzea, baina gurasoak kezkatik elkartuko balira, denboran garaiz, errazagoa litzateke zenbait erabaki elkarrekin hartzea, adibidez, zein adinekin eman mugikorra haurrei, noiz-nola erabili behar duten, nola kontrolatu erabilera-denbora… Horrek ez du esan nahi denok berdin jokatuko dutenik, baina 4-5 gurasoren artean ados jarriz gero, jadanik, bada lorpen bat. Zentzu horretan, Orioko Ikastolako lehendakariak aurreratu zuen Ikastolak bere egiten duela ardura kolektibo hori eta ahaleginak egingo dituela gurasoen artean adostasunak lortzeko. 

Ondorioa
Hitzaldiaren hasieran aitortu bezala, Iratxe ez zen erantzun zehatzak ematera etorri, galdera berriak planteatzera baizik. Eta halaxe gertatu zen, galdera bat bestearen atzetik etorri zen, kezka eta erronka handia baitira.

 

Iratxe Esnaolaren hainbat iritzi-artikulu:

https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20130227/389913/eu/Gaztetxoen--smartphone-ak

https://www.argia.eus/albistea/iratxe-esnaola-anti-facebook-naiz-2/inprimatu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!