KiVa ikastola gara!

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2019ko urr. 22a, 14:46

Orioko Herri Ikastola 2016-2017 ikasturtetik da Kiva Ikastola. Zer esan nahi duen horrek? Jazarpenaren (bullyng) aurkako protokolo eraginkorra dugula eskuartean eta, hori ez dute irakasleek edo zuzendaritzak esaten, ikasleek beraiek diote. Izan ere, ikasturte amaieran, urtero, galdetegi anonimo bat betetzen dute ikasleek eta emaitzak begi bistakoak dira. Ikasturte amaieran egiten den galdetegia guztiz anonimoa da eta Kiva programaren egilea den Finlandiako Turku unibertsitateak landu eta laburbiltzen ditu emaitzak.

 

Gero eta jazarpen kasu gutxiago 

Jazarpena guztiz desagertzea zaila bada ere, Kiva programari esker nabarmen jaitsi da jazarpen-kopurua. 2016ean %15ekoa zen jazartuak izandako ikasleen kopurua eta, 2016az geroztik, %5 ingurukoa da.


Kiva programa lantzen duten ikastetxeen emaitzak

LH1ean hasi eta DBH3 arte, tutoretzetan lantzeko hainbat jarduera eskaintzen ditu Kivak. Besteak beste, hauek dira lantzen diren atalak; elkar ezagutzea eta onartzea, norbera ezagutzea eta besteekin harremanak lantzea, jazartzeko moduak eta mekanismoak ezagutzea eta jazarpenaren ondorioak eta haren aurkako indarrak ezagutzea. Jarduera horiek maiztasun jakin batekin lantzeak, jazarpen-kasuak jaistea ez ezik, jazarpen kasuak eteten laguntzeko ere balio du. Jazarpena egiten dutenak laster konturatzen dira beraien jarrera desegokia dela eta oso ongi erantzuten dute hartutako konpromisoen aurrean.


Kiva astea


Ikasturte hasiera guztietan egin ohi dugunez, aste honetan Kiva astea izango da ikastolan. LH1 eta LH2ko ikasleek Kiva logoarekin marrazkiak egin dituzte, LH3 eta LH4koek DBH2ko ikasleek egindako Kiva txapa bana jaso dute opari eta LH5 eta LH6ko ikasleek plastikako saio batean eskulanak egingo dituzte. 

Horrez gain, DBH2 eta DBH3an, EITBko  Ur Handitan  programak jazarpenari buruz egindako erreportajea ikusiko dute tutoretza-saioan. LHkoek, berriz, Iñaki Zubizarreta saskibaloi jokalari ohiaren lekukotasuna entzun ahal izan dute. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!