"Berdintasun teknikariaren postua eta parekidetasun batzordea sortzearekin pauso handia eman du Ikastolak"

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2021ko api. 22a, 11:20

Berdintasun teknikari postua eta parekidetasun batzordea sortu ditu Orioko Herri Ikastolak 2020-2021 ikasturtean. Lehen diagnostikoa eta gogoeta sakonak egin ondoren, ekintza-plana gauzatzen hasiak dira. Zehaztasun gehiago ezagutzeko, Ainara Peña berdintasun teknikariari elkarrizketa egin diogu.

Aurten berdintasun-teknikari figura sortu da Ikastolan eta zuri egokitu zaizu ardura hartzea. Zehaztu zein den zure egitekoa eta nola antolatzen zaren.
Legediaren arabera 50 langile baino gehiagok lan egiten duen lantokietan, langileon aukera berdintasunak ziurtatzeko planak egin behar dira. Guk ikastolan plan hori egin ahal izateko, lehendabizi Kalakan enpresaren laguntzaz Ikastolako erradiografia bat ateraz diagnostiko bat egin genuen 2019-2020 ikasturtean. Hor ateratako datuekin 4 urteko plan bat egin da eta plan hori aurrera eramateaz arduratzen ari naiz, parekidetasun taldearen laguntzaz.

Nork osatzen duzue parekidetasun taldea?
Ikastolako hiru etapetako kideak egotea lehentasuna izan da batzordea sortzeko orduan. HHko irakasle bat eta, LH eta DBHtik bina irakaslek osatzen dugu taldea. 

Zein ondorio atera duzu egindako diagnostikotik?
Diagnostiko horretan ikastola parekideagoa izateko hainbat lan esparrutan eman beharreko urratsak identifikatu ziren:

  • Kudeaketa estrategikoa genero ikuspegiarekin
  • Antolaketa eta kultura berdinzalea
  • Indarkeria gabeko lan ingurune osasuntsua
  • Hezkidetza bermatzea

Nahiz eta gai batzuen inguruan geroz eta kontzientzia handiagoa izaten ari garen, orokorrean sistema osoan gertatzen den bezala, lan asko dugu eremu hauetan egiteko. Gai horiek guztiak lantzeko helburu batzuk identifikatu genituen, eta 4 urtetako kronograma bat diseinatu horiek betetzen joateko.

Jazarpen sexualaren prebentziorako protokoloa ere atera duzue. Azalduko diguzu zertan datzan?
Gai honi lehentasuna eman nahi izan diogu, eta indarkeria gabeko lan ingurune osasuntsuaren esparruaren barnean sartzen da. Lan hitzarmenean bazegoen halako protokolo orokor bat, baina langileok ez genuen horren berri eta ez zegoen gure Ikastolara egokitua. Horretan jardun gara parekidetasun batzordekook eta lan ederra egin dugula uste dut. Orain langileei komunikatzeen ari gara eta urrats handia iruditzen zait horrelako gaiek beharrezkoa duten leku hori hartzea.

Protokolo honekin, berretsi egiten ditugu zein harreman mota nahi ditugun langileon artean eta zein jarrera ez diren toleranteak, eta benetan horrelako jarreraren bat jasango bagenu, horren zaintza egingo dela ziurtatzen da. Nire ustez emakumeok lanean ahalduntzeko tresna garrantzitsua da.

Irakasleen artean berdintasunari buruzko kezka nahikoa dagoela iruditzen zaizu?
 Ikastolako hainbat irakaslek Hizkuntza ez sexista ikastaroa egin izan dute, baita patioa genero ikuspegitik eraldatzeko ikastaroa ere. 

Nik uste dut gai potolo asko dagoela hezkuntzaren gain, eta hau horietako bat da. Berez sistema osoak landu behar dituen gaiak dira hezkuntza komunitate osoarenak. Irakasle askok badugu kezka baina hainbeste gaien artean, behar den denbora eskaintzea kosta egiten da. Formazioak egiten ditugu gaiaren inguruan, baina gero barne hausnarketa eta aldaketak ematea kosta egiten da.

Hala ere, Ikastolak urrats garrantzitsua eman duela uste dut. Zuzendaritza gaiarekiko sentsibilizatuta dago, martxan jarri duten figura honekin eta parekidetasun batzordearekin, buru batzuk martxan gaude gai hauek jorratzeko ekintzak egiteko. Lan asko dago egiteko baina ibilbidea hasia dugu, geroz eta begirada more gehiago ditugu ikastolan eta sare hori handitzen joatea da helburua.

Eta ikasleen artean? Zein jarrera nagusitzen da?
Ba hemen ere lan asko dago egiteko. Gai batzuren inguruan geroz eta kontzientzia gehiago dute, baina oraindik oso binarioak gara, elkarren arteko tratua ezberdina da, eta ikasleen artean, sistema patriarkal honek esleitzen dizkigun neska eta mutilen rolak oso instauratuta ditugu zoritxarrez.

Zein izango dira hurrengo lehentasunak?
Oraindik ekintza-plana guztiz zehaztu eta adostu gabe daukagu, baina gure asmoa da irakasleentzat formakuntza-saioak antolatzea egunerokoan ditugun jarreren inguruan hausnartzeko. Horrez gain, indarkeria matxistaren aurreran 0 tolerantzia dugula erakusteko proposamenak egin nahi ditugu, baita ahalduntzeko egitasmoak landu ere. 

Herriko elkarteekin elkarlanean aritzeko asmorik baduzu?
Egia esan ni herrigintzan feminismoa lantzen aritua naiz, beraz harremana dut Xaltxerekin baita ahalduntze eskolarekin ere. Eta bai lehen aipatzen nuen sare hori, Ikastolako komunitatearekin ez ezik Orioko komunitate osoarekin ehundu beharrekoa da.

Ibilbide baten hasieran sentitzen naiz. Lan asko dugu egiteko, baina harriak jarriz bidea osatzen joango gara. Pandemia urte honek ez du horretan ere gehiegi lagundu, alegia, komunikazio, harreman eta ekintza jendetsuagoak antolatzen. Baina urte hau marko orokorra diseinatzeko urte bezala hartu dut. Ia hurrengoan, formazioarekin, elkar ahalduntzeko espazioak sortuz, gure jarduna eta egunerokoaz hausnartuz eta hainbat behar identifikatuz, nahi dugun ingurune parekide hori eraikitzen urrats gehiago ematen ditugun elkarrekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!