IKT taldea jo eta ke lanean pandemia garaian

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2021ko mai. 8a, 09:25

Urteak dira Orioko Herri Ikastolak IKT talde bat duela. Ikasturte honetan, aurrekoari jarraipena emanez, Iñaki Zarauz, Andrea Zinkunegi eta Ander Etxaniz irakasleak dira IKT taldeko kideak. Beraien lanak komunitate osoaren jardunean eragiten duen arren, ohituta daude inurriak bezala isileko lana egiten. Aurten, gainera, inoiz baino beharrezkoagoa izan da beraien lana eta eraginkortasuna. Pandemiak beraien lanean izandako eraginaz eta ikasturtean egindako lanaz bi hitz egin ditugu beraiekin. 

Aurkeztuko dizkiguzue taldekideak eta zuen eguneroko zereginak? 
Iñaki: IKT taldea ikastolako informazio eta komunikazio gaiak espresuki lantzeko eratzen del irakasle batzuk osatzen dugu. IKT taldea Joanito, Mentxu, Iñaki Beraza, Amaia Ugalde eta abarrek osatu izan zuten iraganean eta egun, Ander Etxanizek, Andrea Zinkunegik eta hirurok osatzen dugu. Gure ikasketez gain, gaiarekiko zaletasuna lehenesten da lan talde honetan. Beraz, etapa bakoitzeko irakasleek osatuta eratzen da IKT taldea eta profil desberdineko irakasleek osatzen dugu.

Kontaiguzue zein den urte normal batean zuen egitekoa, nola antolatzen zareten…
Ander: ikasturte hasieran, IKT taldea elkartzen gara eta aurreko ikasturtearen memoria berrikusi eta ikasturte berrirako plangintza berri bat osatzen dugu. Ondoren, astero liberatutako ordu batzuk ditugu elkartzeko, gure lanen jarraipena egiteko, sortzen diren arazoei irtenbide egokiak bilatzeko, formazioak jasotzeko, etab. Egiten ditugun lanen harira, badira batzuk ikasturte hasieran egin beharrekoak direnak, esaterako DBH1era datozen ikasleen ordenagailu eramangarriak konfiguratu, ikasle berriei ikastolako helbide elektronikoa sortu, emailetarako taldeen kudeaketa burutu, langilegoari formazioak eskaini,... Beste zeregin asko, berriz, egunerokoan sortzen diren gorabeherak izaten dira, adibidez: interneteko konexioak kale egin du, proiektore bat ez da pizten, etab. 

Andrea: Gaur egun,  IKTak erabat integratuta daude ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan eta aurtengo ikasturte berezi honetan, are eta gehiago. Ikastolako egunerokotasunean nabarmen igo da ordenagailu eta aplikazio ezberdinen erabliera, beti ere ikasleek konpetentzia digitala bereganatzeko, eta horrek aldi berean, atzetiko lana eskatzen du.  

Pentsatzekoa denez, COVID19ak nabarmen eragin du Ikastolako komunitatearen IKT beharretan. Azaldu iezaguzue zein mugarekin egin duzuen topo.
Iñaki:
Pandemiari aurre egiteko lehen konfinamendu neurriek goitik behera aldatu zuten hezkuntza. Ikastola ikasle bakoitzaren etxera iritsi behar zen,  eta bermatu ikasle bakoitzak lanean jarraitzeko baliabideak izango zituela. Noski, arreta pertsonalizatu horrek lan-karga handia ekarri zion IKT taldeari. Hala ere, aurrez eginda zegoen lanari esker ikastolako baliabide digitalak prest zeuden beste “ingurune birtual” horretan lanean aritzeko. Eta, IKT taldearen iritziz, erronkari erantzuteko gaitasuna izan zuen ikastolak. Arazoak askotarikoak izan ziren, wifia,ekipoen funtzionamendua, metodologia berrien egokitzapenak... denak kudeatu eta beharrak bideratzen saiatu ginen.

Ander: COVID19ak errealitate berri bat ekarri digu aurten, hain zuzen, aldi berean saio presentzialak eta birtualak uztartzea. 

Andrea: Horretarako, ikasturte hasieran, ikasleak balizko konfinamendu egoera baterako trebatzen hasi ginen: emaila erabiltzen, Classroom-a ezartzen etab. Horrek guztiak, irakasleon eta ikasleen konpetentzia digitalean sakontzera eraman gaitu.

Berrikuntza zenbait ere aplikatu duzue aurten.
Iñaki:
 Elkarlanean oinarrituz, esperientziak partekatu eta esperientzia arrakastatsuak gurean ezartzen ahalegindu gara. Baliabide teknikoaz gain, ikasketa ingurune birtualak sortu dira. Beharrak derrigortuta, ikastolako IKT baliabideak berrantolatu dira eta horietako batzuk berritu egin dira. Gainera, Wifi sarea aktualizatu egin da etaa konektibitate gaitasuna handiagotu egin da. 

Ander: Aurtengo ikasturterako baliabide digital ezberdinez baliatu gara, esaterako: HH eta LHko 1.zikloan EducaReality jarri dugu martxan, eta LHko 3. eta 6.maila bitartean, berriz, Google Classroom erabiltzen ari gara eta DBHn Moodle plataforman oinarritutako AlexiaClassroom liburu digitalak erabiltzen dira. Bestetik, maila eta erritmo ezberdinetan bada ere, ikasleak konpetentzia digitalekin lotutako baliabide digitaletan trebatzen ari gara. Horrez gain, lehendik genituen ordenagailu eramangarri batzuk zaharkituta geratzen ari dira eta pixkanaka, ordenagailu berriengatik ordezkatzen hasiak gara. Esaterako, azken bi urteotan, hiru txandatan banatuta, guztira 90 Chromebook berri erosi ditu ikastolak LH etaparako.

Ander, gurasoei zuzendutako tutorialak ere sortu dituzu aurten.
Ander: Egiari zor, tutorialak berez ikasleentzat sortu nituen baina familientzat ere baliagarriak dira. Ikasturte hasieran baliabide digitalen inguruko ikastaro bat eskaini genien familiei eta, orokorrean, oso ongi baloratu zuten. Bestalde, egia da ere bai informazio asko eman geniela eta detaile guztiekin geratzea ez dela erraza izaten. Horregatik guztiagatik, oinarrizko tutorial batzuk sortzea erabaki genuen.  

Aurrera begira, bestelako neurri berririk hartuko duzue?
Iñaki: Normaltasunera bueltatzea dugu denak helburu, eta agertoki horretara iritsi bitartean, etxeetako ikasketa prozesua eta ikastolako saio arruntak uztartzen saiatuko gara. 

Ander: unean-uneko egoeraren bilakaera aztertzen joango gara eta beharra egonez gero edota familiek eskatuz gero laguntza ematera irekita gaude. Gure ateak zabalik daude beti. 

Zer ikasi duzue COVIDak sortutako egoeratik? 
Ander: COVIDak eta honek eragindako konfinamenduak uste baino gauza gehiago erakutsi dizkigu. Batetik, esan daiteke IKTen eta baliabide digitalen bitartez irakaskuntza-ikaskuntza prozesua bermatu genuela eta iraskaskuntza ez zela eten. Horrekin lotuta, egoera berrira moldatzeko gaitasuna ere erakutsi genuen baliabide digital ezberdinez baliatuz. Egoerak eskatzen zuen IKTen eta baliabide digitalen mundua arakatzea eta hala egin genuen, erlojuaren kontra gainera. Asko ikasi genuen orduan, momentu honetan ikasten jarraitzen dugu eta etorkizunean ere ikasten jarraituko dugu. 

Andrea: Argi ikusi duguna da teknologiak ezin dituela ikastolan sortzen diren elkarrekintza eta harremanak inondik inora ere ordezkatu. Teknologiak ezin du presentzialki sortzen den ikaste-irakaste prozesua ordezkatu.

Baduzue harremanik beste ikastolekin? Ikastarorik egiten duzue?
Iñaki: IKT taldeak ikastola guztietan daude antolatuta. Ikastolen Elkarteak gidatzen du gure lana. Bertan,  profesional talde batek gai hauen inguruko lanak eta hausnarketak lantzen ditu eta ikastola bakoitzak dituen zalantzak edota beharrak asetzen laguntzen digute. 

 Ander: Ikastolen Elkarteak ikastola guztietako IKT arduradunentzat sortutako IkaDig egitasmoaren parte gara. IkaDig elkargune bat da eta bertan, gure zalantzak, kezkak, arazoak eta irtenbideak partekatzen ditugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!