Suediako bost asteko egonaldia prestatzen

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2022ko abe. 2a, 11:07

Eramus+ programari esker, Orioko Herri Ikastolako DBH4ko bost ikaslek egonaldi luze bat egingo dute Suedian. Egonaldia bost astekoa izango da eta udaberrian joango dira. Hantxe jarraituko dituzte ikasketak, ingelesez gehienbat eta zerbait suediarrez ere bai. Aste horiek ongi antolatzeko eta dena lotuta edukitzeko Zigor Saizar eta Amaia Pinacho irakasleak eta Erasmus taldeko kideak han egon dira. Bertan ikusitakoa eta prestatutako programazioaren berri jasotzeko elkarrizketatu ditugu.

Hasteko, nora eta noiz joango dira Orioko Herri Ikastolako ikasleak?

Orioko Herri Ikastolako DBH4ko 5 ikasle Suediako Markaryd herriko ikastetxe batera joango dira, apirilaren erdialdean. 

Nolako harrera izan duzue? 

Eskuzabaltasun handiarekin hartu gintuzten eta erraztasun handiak eskaini zizkiguten ikastetxea ezagutzeko. Bisita oso baliagarria suertatu zaigu gure ikasleen egonaldia ahalik eta berme guztiekin antolatzeko eta, bide batez, Suediako hezkuntza sistema ezagutzeko. Lehenengo inpresioa oso-oso ona izan da, bazirudien aspalditik ezagutzen ginen bi ikastetxe ginela, tratua oso gertukoa izan da eta esker hitzak besterik ez dauzkagu haientzako. 

Eta Suediatik etorriko da ikaslerik?

Haiek ez dute oraindik Erasmus+ diru-laguntzak eskatzeko pausorik eman. Ondorioz, ziurrenik Markaryd Skolatik Oriora ez da ikaslerik etorriko (guk pozik hartuko genituzkeen arren). Horregatik diogu Markaryd Skola eta hango hezkuntza komunitatea esfortzu handia egiten ari dela gure 5 ikasleak 5 aste horietan beraien ikastetxean hartzeko eta egonaldian zehar bizitzen egongo diren 5 harrera familia lortzeko.

Zehazki, zer egitera joan zarete?

Gure helburu nagusia ikasleak bertara joan aurretik ikastetxea bera ezagutzea izan da: eraikuntza, irakasleak eta tutoreak, ikasgaiak, ikasleak, ikasgaiak… Kontu zehatzak ere lotu ditugu. Bertako zuzendariarekin eta tutoreekin gure ikasleak zein geletan egongo diren eta ikasgaia bakoitza zein hizkuntzatan emango duten (suediarrez eta ingelesez) adostu genuen. Gure asmoa izan da bost aste horietako ikasle bakoitzari bere ikasketa-plana egitea izan da. Horretaz gain, ikasleen ikuspuntutik Markarydeko testuinguruan kokatzen ahalegindu ginen eta herriko zerbitzu nagusienekin (zerbitzu medikuak, liburutegia, kirol ekipamenduak, parkeak, aisialdi-guneak…) plano grafiko bat osatu diegu. Gure ikasleei berme eta segurtasun guztiak eskaini nahi dizkiegu beraien egonaldia erosoa eta aberasgarria izan dadin.

Ikasleek prestakuntzaren bat izango dute joan aurretik?

Bai! Lehendabizi abenduaren 22an online formazioa jasoko dute bai 5 ikasleek, baita erreserban geratu diren 3 ikasleek ere. Egun berean guk ere, Orioko Herri Ikastolako beraien Erasmus tutoreok, beste online formazio bat jasoko dugu. Madriletik eskainiko zaigun formazio horretan atzerriko trukeetan kontuan hartu beharko ditugun gaiak landuko dira: beste hizkuntza eta kulturan nola txertatu, familietan zein jokabide izan, ikastetxean izan beharreko jarrera, Erasmus egonaldiaren helburuak… 

Formazio horretaz gain, gure 8 ikasleek (5 + 3 erreserbakoek) suediar hizkuntzan eta kulturan formazioa jasoko dute martxoaren erdi aldean Hokan Nilsson-en eskutik. Hokan bera Markaryd herrian jaiotakoa da eta gaur egun Euskal Herrian bizi da. Gure ikasleak prestatzeko pertsona ezin egokiagoa da Suediako herrixka horretara joan aurretik.

Nola aurreikusten duzue egongo direla ikasleak?

Urduri egongo direla uste dugu. Ez da ohikoa adin horretan 5 asterako 2.500 km-ra dagoen herri batera joatea, beste ikastetxe batean ikasi eta norberarena ez den familia batean bizitzera. Baina, aldi berean, ilusioz beteta antzeman ditugu, bizi esperientzia paregabe baten aurrean daudela kontziente direla uste dugu. Galderak egiten dizkigute, hango bizimoduari buruzko jakin-min handia dute eta badakigu etxean gaiari buruz asko hitz egiten ari direla.

Apirila bitartean aurrez aipatutako formazio saio polit batzuk izango dituzte eta han gehien erabiliko duten hizkuntzari, ingelesari, astindu gehigarri bat eman beharko diote. Uste dugu Erasmus esperientzia honek beraien bizitzak markatu eta aberastuko dituela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!