ZEINI GUSTATZEN ZAIZKIO MATEMATIKAK?

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2024ko ots. 29a, 08:50

Halaxe hasi zen asteazkenean, otsailaren 28an, Innovamateko Unai Lekuona aholkulariak gurasoei eman zien formazio saio. Interes handia piztu zuen matematiken inguruko formazio honek familiengan. Bertan, modu dinamikoan eta adibideak jarriz, matematikak ikasteko eta irakasteko metodologiaz eta konpetentzia matematikoaren inguruan azalpenak eman zituen Unaiek.

Lehenik eta behin, Innovamat bidez matematika konpetentziak lantzeko helburuak zehaztu ziren: batetik, manipulaziotik abiatuta, ezagutza matematikoaren aurkikuntza eta eraikuntza sustatzea.Bestetik, ikasleen konpetentzia matematikoa garatzea.Eta azkenik, ikaskuntza indibidualizatuari garrantzia ematea.

Matematikak egiteko estrategiak eta hauek garatuta izatea garrantzitsua dela garbi geratu zen guraso formazioan. Manipulazioaz, errepresentazioaz eta algoritmoez aritu zen azalpenak ematen. 

Eta nola lagundu etxean seme-alabei matematikekin? Familia askoren zalantza eta kezka iturri izaten da etxean matematikekin laguntzea. Hori dela eta www.innovamat.com orrialdearen berri eman zen. Web orri honetan, familiaren atalean dauden azalpen bideo motzak jakinarazi zituen. Horrela etxean lagundu nahi duten guztiek, Ikastolan innovamaten bidez gelan ikasi duten ildo beretik laguntzeko moduan izango dira. 

Garrantzitsua da matematikak ikasterako garaian, algoritmora iritsi aurretik egiten den hori ulertzea eta baita, egiten dena zergatik egiten den jakitea. Pertsona ereduan jasota daukagun bezala, ikasle ekintzaileak bai, baina analitiko-kritikoak garatu nahi ditugu. Matematiken bidez, egoerak aztertzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna lantzeaz gain, erabakien inguruko azterketa egiten eta beharrezko doikuntzak proposatzen ikasten dute gure ikasleek.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!