Bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete 2022ko ots. 7a, 09:31

Urtarrileko KARKARA aldizkariko Nire honetan atalean idatziko artikulua da hau.

Salatxo tabernaren aurrean aspaldiko ezagun batekin egin dut topo. "Zer moduz gurasoak?", galdetu dit. Pena handia sentitu du gure aitaren heriotzaren berri eman diodanean, eta berriketan jarraitu dugu minutu batzuz. Gero, Anibarko Portu aldera paseoan jarraitu dudanean, hunkitu egin naiz.

Akordatu naiz nola duela pare bat hilabete kalean topo egin nuen lanetik ezagutzen dudan sasoiko gizon batekin. Nik hitzik egin aurretik esan zidan: "Jexux hire aita al hunan? Oraintxe enteratu. Asko botatzen dinagu faltan Atraskuan [Azkoitiko taberna bat]".

Adin, jatorri eta pentsaera askotako pertsonengana gerturatzeko gaitasuna zuen gure aitak; beti harritu izan nau horrek. Azkoitian, etxe ondoko supermerkatu kanpoan eskean egoten den H.-rekin akordatu naiz orduan. Eta haren negar ozenarekin, beilatokian. "Era mi padre, mi hermano", esaten zuen. Horrek erantzun katea ekarri zuen: "Baiba, dirua ematen zion-eta egunero" (batek); "hori bakarrik ez, kontu-kontari egoten ziren egunero elkarrekin berriketan" (gure amak); "zuen aitak pertsona bezala tratatu zuen, ea nork esan dezakeen gauza bera" (B.-k, begiak busti-busti).

Halakoxea zen ba, gure aita. Munduan ez dakit, baina gure bihotzetan, bakarra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!