Zalantzak

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 29a, 10:30

Urtarrileko KARKARA aldizkarian, Onintza Lete kazetariak bere bizipen baten inguruan idatzi du. Orain sarean da irakurgai.

Zarauztik Orioraka noa autoan, bakarrik, eta Argiñanoren eskola pare horretan norbait ari da auto-stop egiten. Gizonezkoa da, eta ez dut abiadura murriztu. Berak ere eskuarekin keinu egiteari utzi dio ni ikustean. Amorrua eman dit, laguntza eske dagoenari ezin diodalako lagundu; ez diodalako lagundu nahi. Izan ere, oroitzapenek, nahi gabe, denboran atzera naramate. Aurrena, 2011. urtera, Amaia Azkue hil zuten unera eta horrek sortutako beldurrera. Ondoren, pare bat urte lehenagora, lanerako autobusa galdu eta auto-stop egin nuenekora. Aizarnazabaldik Meaga gainera arteko tarte eternoa dut gogoan, nola joan nintzen ikara betean, agure zoro baten ondoan. Erraietarainoko beldurra.

Une batez, ordea, auto-stopa egiten ari den gizonezkoaren larruan sartzea lortu dut. Nire beldurraren jakitun da, eta seguruenik, berak ere pena eta amorrua sentitzen ditu, ezin duelako ezer egin gugan beldur hori ez sortzeko. Segidan, inguruko gizonekin akordatu naiz; semearekin, batez ere. Hazi ahala, zer pentsatuko ote du gai hauetaz? Bera bezala, pitodun pertsonak diren munstro horiez? Zer transmititu behar genieke etorkizuneko gizonei? Erantzunik ez dut; soilik, zalantza horiek edukitzeko askatasuna.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!