Orioko AEK: titulua ateratzeko baino askoz gehiagorako

Erabiltzailearen aurpegia
(Orioko AEK)

Itxi berri dugu 2018-2019 ikasturtea eta balorazioa egiteko unea da. Lau ikasturte dira Orion euskaltegia dugunetik eta arrakasta nabaria izan da zentzu guztietan.

67 ikasle aritu dira euskara eskolak jasotzen, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailatan; aurrez aurre nahiz autoikaskuntzan. Urtetik urtera, jende gehiagok du gure berri eta antzeko kopuruetan ibiltzen gara; beraz, oso pozik gaude euskaltegia izaten ari den harrerarekin. Dena den, aurten Aian ez da talderik atera eta datorren ikasturteari begira jarri gara dagoeneko, ea helburu hori lortzen dugun.
Ikasle asko etortzen dira titulua eskuratzera eta erdiek baino gehiagok gainditu ohi dute maila; horregatik, oso gustura gaude. Hala ere, ikasleek beraiek esaten diguten bezala, "titulua ateratzeko baino askoz gehiagorako balio du AEKra etortzeak. Euskaltegira etortzeari esker, landu gabe geneuzkan gaitasuna eta motibazioa garatu ditugu. Orain,beste modu batera erlazionatzen gara inguruarekin; irratia entzun eta liburuak irakurtzen ditugu euskaraz, eta gelaz kanpoko harremanak ere eraldatu zaizkigu."

Gu beti saiatzen gara ikasgelan ikasitakoa ikasleen bizitzetan txertatzen eta, era berean, herritarrekin harremana izaten. Ikasturte honetan, adibidez, Saltxerekin eta pilota elkartekoekin lanketak egin ditugu eta guztion balorazioa oso ona izan da. Ekimen horiez gain, ordea, ikasleak irakasle lanetan ere jarri ditugu: naturgune bati buruzko azalpenak ematen, yoga eta txi kung ikastaroak ematen... Ikasgeletatik, hortaz, behin baino gehiagotan atera gara, eta, askotan, barruan izan arren, ikasleek jolasak edota sukaldari-lanak ere egin behar izan dituzte.

Honenbestez, horrengatik guztiagatik, esan dezakegu ikasturte ona izan dela pasatu dena eta hurrengoa honen parekoa edo hobea izatea espero dugula. Egungo ikasle batzuek adierazi digute dagoeneko jarraitu egingo dutela; eta zu, etorriko zara? Izena emateko epea irailaren 2tik 25era bitartekoa izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!