Euskaraz bizitzen laguntzeko, eskola-errefortzuak

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Aek 2021ko mai. 27a, 09:51

Baziren urte batzuk euskara ikasteko errefortzurik ematen ez zela eta, aurten, berriz ere aritu dira Orion dauden 2 eskoletako ikasleak euskara ikasten; euskaraz hitz egin, idatzi eta jolasten: Zaraguetako Herri Eskolakoak eta Orioko Herri Ikastolakoak. Horietatik gehienak Lehen Hezkuntzakoak izan dira (23); hala ere, DBHko taldea ere izan dugu (9).

Hona hemen euskara eskola-errefortzuetan parte hartu duten ikasle batzuk. AEK euskaltegia aritu da eskolak ematen, eta Orioko Udalari esker eraman da aurrera proiektua.

Euskara modu dinamikoan eta jolasen bidez ikasi dute, eta hori izan da gehien gustatu zaiena. Azken batean, gozatuaz ikastea bezalakorik ez dago. Horrela, proiektu txikiak ere egin ditugu (irratsaioa eta albistetxo hau, adibidez) eta mahai-jolasak ere ez dira falta izan.

Haur eta gaztetxo hauek euskara ez dela erraza esaten dute, baina erabilitako metodologiarekin gustura etorri dira; eta ez hori bakarrik, aurrerapausoak ere eman dituzte. Hainbat herrialdetatik etorritako ikasle hauek, ikasi ez ezik, erakutsi ere egin digute; hizkuntza nahiz kulturaren elkartrukea egin ahal izan baitugu. Honenbestez, gure ikasleak ari dira euskara pixkanaka-pixkanaka barneratzen eta Orion oso gustura daudela diote. Izan ere, hemen denetarik daukate: hondartza, mendia, dendak...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!