Haserre gaude!

Erabiltzailearen aurpegia Xaltxerak 2016ko aza. 29a, 11:15

Adingabe batenganako sexu abusua salatzeko kontzentrazioa egin genuen atzo plazan. Hemen amaieran irakurri genuen testua:

Haserre gaude! Oso haserre! Haserre geundela oihukatzen genuen aurreko ostiralean, azaroaren 25ean, eta haserre egoten jarraitzen dugu gaur, larunbatean jasotako berriaren ondorioz.

Haurren aurkako indarkeria gure gizartean errealitate bat zela esan genuen ostiralean, eta errealitate horrek muturrean eman digu orain. Indarkeria patriarkalak milaka aurpegi eta milaka ahots izan ditzakeela aipatzen genuen eta, bereziki, ate atzean ezkutaturik geratu ohi den biolentzia egoera lazgarriaren inguruan hitz egin genuen: umeen kontrako indarkeria patriarkalaz.

Datuak eman genituen, 4 neska eta 7 mutil adingabeetatik banak sexu erasoak jasotzen dituela esan genuen, baita ere kasuen %70ean erasotzaileak familiartekoak izaten direla. Baina, gaurkoan, datuak, amorruaren itzalean geratzen dira.

Amorrutik eta bihotzetik esaten dugu herriko haur batek jaso dituen erasoak NAZKAGARRIAK iruditzen zaizkigula, BARKAEZINAK. Ez gara nekatuko indarkeria patriarkalak ekarritako eraso guztiak salatzeaz. Eta ez gara geldituko horiek amaitu arte. Indarkeria patriarkalaren biktima zuzenak diren haur babesgabeak babestuko ditugu.

Gatazka honi irtenbideak ematen hasi behar dugu eta, horretarako garrantzitsua da egoera hauetan sortzen diren isiltasunak haustea, atearen atzetik ateratzea, eta ozenki salatzea. Baina are garrantzitsuagoa da, norbanakoon inplikazioa eta instituzioen babesguneak eraikitzeko egin behar duten lana. Erasoak gertatzen direnean salatu ordez, gehiago ez gertatzea delako lortu behar duguna.

Herritarron lana da hori, eta orain inoiz baino gehiago. Gure esku dago erruki begiradak alde batera utzi eta haurrari babesa ematea, indartzea eta ausardiagatik txalotzea. Hemen gaudenon babesa ez dadila plazan geratu, ausartu gaitezen erasoa eta erasotzailea gaitzestera.

Ez dugulako erasorik onartuko! Haurren aurkako indarkeria patriarkalik ez!

Orioko Xaltxerak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!