Azaroaren 25a

A-25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Xaltxerak 2021ko aza. 24a, 15:12
Iaz egin zuten manifestazioa.

Orioko Xaltxerak talde feministak KARKARAren azaroko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Bihar, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, arratsaldean herrian egingo duten manifestazio zaratatsuan parte hartzera dei egiten diete herritarrei. Herriko Plazatik abiatuko dira, 19:00etan.

Azaroak 25ean indarkeria matxistaren aurkako eguna da, aspalditik jendartean dugun pandemia horren aurkako eguna, hain zuzen ere. 2021ean Euskal Herrian bost emakume erail dituzte matxistek eta eurak gogoratzeko tartea hartuko dugu. Baita ere beraien hiltzaileak irmoki salatzeko, autodefentsa feminista aldarrikatzeko eta sistema kapitalista/arrazista/patriarkala erraietatik iraultzeko dugun beharra gero eta argiago dagoela gogorarazteko.

Eraildako emakumeak bakarrik zenbatzen ditugu, baina askotariko indarkeria matxista jasaten dugu emakumeok egunerokotasuean, eta gogorarazi behar dugu izebergaren azpian dauden indarkeria kasu horiez guztiez ari garenean ere indarkeria matxistaz ari garela.

Guztiok dakigu COVID-19aren eraginez sortu den egoerak nola aldatu duen gure harremantzeko modua. Kolektibitatea erabat ahultzea ekarri du pandemia honek eta herri mugimenduak oso kaltetuta daude. Feminismoak emakumeon batura eta elkar babesa aldarrikatzen du, eta orain da ordua ahulezi horiei guztiei erantzun kolektiboa emateko.

Orion ere indarkeria matxista kasuak egunerokoan bizitzen ditugula aipatu behar dugu, askotan beste herrialdeetan gertatzen den fenomeno bezala identifikatzen baita, eta hori ez da horrela. Gure herria ere matxista dela argi utzi nahi dugu.

Xaltxerak talde feministatik eskerrak eman nahi ditugu indarkeria egoera bortitza jasaten ari den herritar bati laguntzeko herriak egindako ahaleginagatik. Azaroak 25eko kanpainan banatuko ditugu eskatu dituzuen kamisetak. Aurretik eskaera egitea pasa bazaizue, egingo ditugun banaketa egunetan aurrez aurre erosteko aukera izango duzue.

Azaroaren 25ean, azken urteetan bezala, manifestazio zaratatsua egingo dugula aurreratzen dizuegu. Etor zaitezte zarata ateratzeko prest, badugu eta zer aldarrikatu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!