Gutuna: Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte

Erabiltzailearen aurpegia Xaltxerak 2021ko abe. 3a, 12:24

Asteburuan Zarautzen izandako eraso matxista baten berri emateko eta hura salatzeko, Zarauzko Bilgune Feministak eta Zarauzko Neska Gazteek honako gutuna kaleratu zuten atzo arratsaldean. Orioko Xaltxerok bat egiten dugu gutunera, eta baita abenduaren 10era deitu duten mobilizaziora ere.

Honakoa dio gutunak:

Aste honetan eraso matxista oso larri baten berri izan dugu. Gertaeraren berri izan eta berehala, zurrumurru ugari iritsi zaizkigu. Horietako askok gertatutakoa zalantzan jarri eta ukatzen dute. Argi eta ozen esan nahi dugu, guk sinesten dizugu! Gure babesa, ahizpatasuna eta elkartasuna adierazten dizugu zuri, erasotuari, eta, baita inguruko denei ere.

Horrelako gertakizunek asaldatzen gaituzte, eta eskerrak, baina egunero-egunero jasaten ditugu emakumeok, baita Zarautzen ere, askotariko erasoak, irainak zein gutxiespenak. Kalean hasi eta etxeko sukalde eta oheetaraino, gizon ezagun zein ezezagunek erasotzen gaituzte. Eta astebururo-astebururo, askotariko erasoak jasan behar izaten ditugu, batez ere, neska gazteok Zarauzko zona inguruko tabernetan nahiz bestelakoetan, parranda giroan, hain justu. Baina ez gure herrian bakarrik, eskualdean, azkenengo hilabeteetan, hainbat salaketa egin dira indarkeria matxista dela eta. Nazkatuta, haserre eta amorratuta gaude.

Mugimendu Feministako kideok urteak daramatzagu eraso matxisten aurrean erantzunak josten eta artikulatzen, baita Zarautzen ere. Oraingoan ere bagabiltza, ari gara elkarrekin antolatzen. Adierazi nahi dugu prozesu hauek ez direla errazak arrazoi asko tarteko; hortaz, denborak eta prozesuak zaintzea eskatzen dute, nahiz eta behar desberdinak egon. Beti ez da berdin, egoera oro berdina ez den moduan, eta eragile bakoitzak ditugu gure ardurak eta oinarriak. Zarauzko herriari eta eskualdeko herritarroi adierazi nahi dizuegu erasorik ez dela erantzunik gabe geldituko; eta hori dela eta, datorren ostiralean, abenduaren 10ean, Zarauzko mugimendu feministak, eskualdeko mugimendu feministarekin batera, mobilizazio bat antolatuko duela, iluntzean, Zarautzen.

Indarkeria matxista egiturazkoa dela esateaz ere ez gara nazkatzen, icebergaren punta ikusten dugu askotan, eta larritzen gara, baina egunero gertatzen diren erasoak ikusarazi, mahaigaineratu eta salatu nahi ditugu. Eta argi eta ozen adierazten dugu: emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte.

Eta eraso horien guztien aurrean, zer egiten dugu? Zein da erantzun soziala eta zein da indarkeria matxistaren prebentzioan, sentsibilizazioan zein erantzunean herri hau osatzen dugun agente desberdinon ardura eta inplikazioa? Hor dago koska. Erantzun puntualez harago, ezinbestekoa da erantzun soziala artikulatzea eta gaia modu iraunkorrean lantzea, baina horretarako borondate politikoa behar da. Urtean behin pankarta baten aurrealdean jartzearekin edo taberna, institutu edo kalean afixa bat jartzearekin ez da aski. Hemen denok dugu zer egina. Horregatik uste dugu ardura jendartearena dela, adibidez, Zarauzko eragileona:

  • Gure herria guztiok eskura izan dezagun, espazio publikoak hurbila, irisgarria eta segurua izan behar du guztiontzat. Gure herrietako hirigintza planetan ikuspegi feminista txertatzeaz gain, ezinbestekoa da espazio publikoek eta zerbitzuek hori bermatzea. Eta eragile bakoitzari dagokio bere erantzukizuna, bai Udalari, bai zerbitzu-enpresei, bai jaien antolakundeetako eragileei...
  • Nahitaezkoa da herriko tabernariek eskaintzen duten aisialdi eredua aztertzea eta tabernak emakumeontzat espazio seguru eta bizigarriak izan daitezen euren konpromisoa adieraztea eta horretarako neurriak hartzea. Indarkeria matxistaren aurkako afixa tabernako atean jartzeaz gain, eraso matxisten prebentzioa eta sentsibilizazioa egin behar dute eta, erasoren bat gertatuz gero, erantzun koordinatu eta txukun bat ematea dagokie.
  • Hezkuntza komunitatean, hezkidetza lantzeaz harago, tratu onetan oinarritutako pertsonak hazteko eta hezteko baliabideak garatu behar dira. Hainbat programa eta saio egiten dira, eta ongi daude, baina ez dira aski, bistakoa da.
  • Nesken ahalduntzea eta autodefentsa feministaren ildoa lantzen jarraitu beharra dago, emakumeok beharrezkoa baitugu askatasunez bizitzeko gaitzea, eta horretarako lan egin behar dugu. Bide horretan, zerbitzu eta baliabideak eskura jartzen jarraitu behar dute erakundeek, besteak beste.
  • Eta nola ez, gizonekin lan bat egin behar da. Gaur egun, indarrean den maskulinitate eredua zapaltzailea da, erasotzailea. Hainbat gizon maskulinitate eredu berriak lantzen hasiak badira ere, gutxiengoa dira. Mutil gazteekin lana egin behar da, baita haien eredu diren helduekin ere. Zer eta nolako jarrerak dituzte gizonek geure etxeetan, eskolan, kalean, tabernetan, oheetan? Patriarkatuak denoi eragiten digu, baina batzuek hortik erauzteko ardura handiagoa dute, ez baikara gu erasotzaileak. Bide horretan, ezinbestekoa da bidelaguntza, eta apustu egin behar da txikitatik gizonak desboteretzeko eta eredu bizigarriagoetan hazteko.

Feministok egunero-egunero lan egiten dugu, konpromisoz, militantziaz, indarkeria matxistaren aurka eta emakumeon askatasunaren eta jendarte eredu justu eta feminista baten alde. Ez ditugu kristoren baliabideak, baina badugu konpromisoa, baditugu eskuak lan egiteko, belarriak entzuteko eta nahi eta beharrak identifikatzeko eta, bide horretan, prozesuak zaintzen ahalegintzen gara, betiere, gure arteko sareak ehunduz eta sendotuz.

Gora borroka feminista! Erasorik ez erantzunik gabe.

Zarautzen, 2021eko abenduaren 2an

Sinatzaileak: Zarauzko Bilgune Feminista eta Zarauzko Neska Gazteak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!