Olatz, Patxi eta Xua Euskal Herriratzeko eskatu dute

Erabiltzailearen aurpegia admin 2017ko ots. 11a, 10:05
Salatxo aretoa jendez bete zen, Olatz, Patxi eta Xuaren eskubideak aldarrikatzeko

Asteazkenean Patxi Uranga presoa Alacanteko Focalent espetxetik, Valentziako Picassent espetxera eraman zuten, Olatz Lasagabaster bikotekidearekin eta haien alaba jaioberriarekin egoteko. Dena dela, atzo jakinarazi zioten, berriz ere Alacanteko espetxera bueltatuko dutela.

Atzo iluntzean Salatxo aretoa herritarrez bete zen Olatz, Patxi eta Xuaren eskubideak aldarrikatzeko. Urtarrilaren 19an Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster guraso izan ziren espetxean, bata bestearengandik 150 kilometroko distantziara. "Ospitaleko mediku eta erizainek zaindu zuten ama erditzeko momentuan, poliziek zelatatuta. Ez zuen familiakorik, ezta lagunik izan aldamenean", salatu zuten atzo Uranga eta Lasagabasterren familiak, lagunek eta gertukoek.

Olatz Lasagabasterren ama ahal bezain azkar iritsi zen Valentziara bere alabarekin eta bilobatxoarekin egoteko, baina gaixo jarri zen bidean. Pneumoniak jota ingresatu egin behar izan zuten zaintza bereziko unitatean, eta ez du beraiekin egoteko aukerarik izan oraindik.

Asteazkenean Patxi Uranga Alacanteko Focalent espetxetik Valentziako Picassent espetxera eraman zuten, Olatz Lasagabaster bikotekidea eta haien alaba jaioberriarekin egoteko. "15 minutuz egon zen beraiekin asteazkenean, eta hiru orduz ostegunean. Dena dela, atzo jakinarazi zioten berriz ere Alacanteko espetxera bueltatuko dutela", azaldu zuten atzo agerraldian.

Egoera horren aurrean, familiakoek eta gertukoek "ezintasuna" sentitzen dute. "Ez da zaila irudikatzea ama berriaren bakardadea, aitaren ezintasuna eta amoraren tristura". Horregatik, "doako sufrimendu bidegabearekin" amaitzeko aldarrikatu zuten atzo oriotarrek. "Biolentzia hori ez da onargarria, eta garai hauetan horrelako egoerak erabat tokiz kanpo daude", nabarmendu zuten. Horregatik, Olatz Patxi eta Xua lehenbailehen Euska Herriratzeko eskatu zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!