Azpeitiar bat Orion

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2022ko urt. 9a, 10:05

KARKARA aldizkariko 434. zenbakian plazaratutako artikulua, 'Iritzia' atalean.

Argazkiari segundo batez begiratu badiozue, honezkero konturatu zarete ez naizela oriotarra. Ez Orion jaiotakoa, ez Orioko bizilaguna, nahiz eta KARKARAn nabilenetik nire herrian baino denbora gehiago pasatzen dudan hemen.

Oraintxe dira hiru hilabete Kultur Etxeko erredakzioa lehendabiziko aldiz zapaldu nuela, eta aitortuko dizuet dezenteko errespetua ematen zidala hemen lanean hasteak. Esango duzue normala dela, lantoki berri bateko aurreneko egunek urduri edozein jartzen dutela. Ados. Baina hori baino gehiago zen, zalantza serioak nituen, eta arrazoiak ere bai horretarako.

Izan ere, ez dakit zuei zer irudituko zaizuen, baina niretzat nahiko xelebrea da egoera: azpeitiar bat Orioko herri aldizkarian jardutea, oriotarroi zeuen herriko gorabeherak kontatzen, herriko martxa ezagutu ere egiten ez dudanean. Eta Orio diot, bulegoa Orion daukagulako, baina berdin-berdin esan nezake Aia.

Hiru hilabete pasatu dira ordutik, hiru aldizkari ere egin ditugu, eta hemen segitzen dut. Hasiberriaren karteltxoa soinean daramat oraindik, kostatuko zait kentzea, baina pixkanaka-pixkanaka ari naiz Oriora egiten, edo hori pentsatu nahi nuke. Nire zorionerako, arraun denboraldia bukatu eta gero iritsi nintzen hona, azpeitiarra izanda, arraun kontuak ez baititut batere kontrolatzen; jarriko naiz horretara ere, baina... Hala ere, lehendabiziko egunean, iritsi eta bi ordurako, Arraunetxen nintzen, arraun surfari buruzko prentsaurreko batean.

Ordutik, egunerokoa nobedade izan da niretzat, egunero ikasi edo ikusi dut zerbait berria, egunero ezagutu norbait. Joan naiz Andatzara, Ortzaikara, Urdanetara eta Aginagara; ikasi dut Oriotik Aiara igotzeko gutxienez hiru bide badaudela, eta azpeitiarrok erabili ohi duguna luzeena dela; badakit Orioko gizonezkoen traineru nagusiaren entrenatzailea nor den, baita patroi berria nor izango den ere; ikasi dut Orioko Udalean zer eskatu behar diodan nori, nahiz eta udaletxean bertan oraindik galdu egiten naizen; badakit Aiako gorabeherez galdezka nori hots egin diezaiokedan; ikasi dut ibaiari errio esaten diozuela eta eliz atariari zimitorio; ezagutu ditut aldizkarian kolaboratzen dutenetako batzuk, oraindik denei aurpegia jartzen ez dizuedan arren; badakit kafe ona non har dezakedan eta patata tortilla pintxo goxoena non ateratzen duten...

Ekarri nituen zalantzak eta beldurrak pixkanaka-pixkanaka desagertzen ari dira, espero nuena baino erosoago sentitu naizelako, horrela sentiarazi nauzuelako. Eskerrik asko! Eta ez zaitezte nirekin gaiztoak izan hanka-sartzeren bat egiten dudanean, egingo ditut eta. Gogoan izan Orion dabilen azpeitiar bat naizela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!