Paperekoa

Mundiala

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2022ko abe. 13a, 09:00

Aitziber Arzallusek abenduko KARKARA aldizkariko Nire honetan atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Kontraesanez betetako pertsona naiz. Gazteago nintzenean sekula egingo ez nituela esandako gauza asko egin ditut, eta egin beharko ez nituzkeela pentsatzen dudan beste batzuk ere bai. Azkena, Munduko Futbol Txapelketaren harira: txapelketarako azpiegiturak eraikitzen 7.500 langile hil direla jakin arren, partida guztiak ikusteko aukera eskura jarri diot 14 urteko semeari, Gol Mundial aplikazioa 20 euroren truke kontratatuta. Futbolaren friki bat da bera, eta ni, kontraesanez betetako ama.

Itxura denez, ez da Mundiala-rekin itsututa dabilen gazte bakarra. Lehengoan Euskadi Irratian entzun nuen zenbait institututan neurriak hartzekotan dabiltzala, ikasleak direnak eta ez direnak egiten ari direlako Qatarren jokatzen ari diren partidak zuzenean jarraitu ahal izateko: komunean ezkutatu, eskolara joan gabe gelditu... Kazetariak institutuko atarian topatu zituen zenbait ikasleri galdetu zien hori horrela ote zen, eta haietako batek inolako erreparorik gabe aitortu zuen baietz, arrazoi mundiala emanda, gainera: "Errua ez da gurea, errua FIFArena da". Lau urtean behin izaten den txapelketa beraientzat ekitaldi oso garrantzitsua dela zioen gazteak, eta beti bezala udan izan balitz, ez zuketela horrela ibili beharrik izango.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!