Tristuraren eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aralar 2007ko abe. 15a, 18:32
Izenburua aldatu dut. Aurrekoari segida emateko, hauxe zen gaurkoari zegokiona: “Euskararen Nazioarteko Eguna (eta II)”; baina Oriyo ezizenez sinatzen duen baten idatziak izenburua eta sarrera aldatzera eraman nau. Oriyo horrek gorrotoz betetako idatzi baldar eta koldar bat (kobardea) sartu zuen herenegun blog honetan, anonimotasunaren inpunitatearen atzean ezkutatuz.

Karkarak bere aldetik kendu egin du idatzi hori saretik. Idatziaren egileak jakin behar luke horrelako idatziekin minik handiena bere buruari egiten diola. Horretan ez daukat zalantzarik. Baina jakin behar luke, baita ere, arriskuan jartzen ari dela blog honetan herritarrek modu anonimoan idatzi ahal izateko duten aukera. Lehen ere alferrik galdu zen antzeko foro bat. Tristea litzateke horrelako zerbaitengatik hau ere galtzea.

 

Sarrera hori erantsita, euskararen egunaren gaiarekin segitu nahi dut. Egun hartan, abenduaren 3an, udaletxera bi gonbidapen iritsi ziren. Batean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Gasteizko Artium museoan izango zen ekitaldira gonbidatzen gintuen. Ekitaldiak mezua, sormena eta entretenimendua batuko omen zituen. Gidoia Anjel Lertxundirena zen. Beste gonbidapenean, Donostiako Udalak bertako udaletxean izango zen hitzaldi batera joateko aukera ematen zigun. Gaia: “zer demontre egin behar dugu euskararekin?”; hizlariak, Joserra Gartzia eta Iñigo Fernandez Ostolaza.

 

Ni Donostiako udaletxekoan izan nintzen. Oso ekitaldi atsegina izan zen, gustura egon ginen, lagun artean, hizkuntza gozo erabili zen, samur. Donostiako hitzaldiak, Gasteizkoak iragarri bezala, mezua, sormena eta entretenimendua batu zituen eta bertaratu ginenok gozatu egin genuen, gozarazi egin gintuzten. Horixe zuten Joserrak eta Iñigok mezu nagusia hitzaldian: hizkuntza gozatzeko eta gozarazteko erabili behar dugu, eta hori eskolak erakutsi egin behar die ikasleei, eta komunikabideek ere bai gizarteari.

 

Atzo (osteguna) ETB1en Gasteizko ekitaldia ikusi nuen, Anjel Lertxundik asmatutako gidoiak gidatu zuen ekitaldiak Iñake Irastorza Itsaspe izan zuen aurkezleetako bat, umorea erabiliz. Saioan, bertsolariak, kantariak eta gizartearen ordezkariak aritu ziren euskararen aldeko mezu positiboak zabaltzen. Iñigok, Anjelek eta Iñakek pozez eta harrotasunez bete ninduten, hitza modu egokian darabiltenen enbajadore ederrak atera dira gure herritik munduko plazara, hitza gozatzeko eta gozarazteko erabiltzen dutenak, gozo, dotore eta egoki. Ederki. Horrelakoek samurtu egiten dute idazle anonimoak sortzen duen atsekabea. Ea samurtzen duten harena ere!

 

Iñaki Iturain

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!