Euskararen Nazioarteko Eguna (I)

Erabiltzailearen aurpegia Aralar 2007ko abe. 9a, 23:04
Astelehenean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen. Han eta hemen gauza asko plazaratu ziren euskara ikastera eta erabiltzera bultzatzen zutenak. Horien artean, Urola-Kostako Mankomunitateak ere gehigarri berezi bat argitaratu zuen. Orioko herriari bi orrialde zegozkion ale berezi horretan. Orioko Udaleko euskara-batzordetik kanpainatxo bat egin nahi izan genuen, bi orrialde horietan tartetxo bat hartuta.

Kanpainaren lelo nagusia hauxe zen: “euskaldunak euskaldunari euskaraz”, horixe besterik ez eta hori dena. Esaldi nagusi hori gero egokitu egingo zuten hainbat herritarrek bakoitzak bere alorrera.

Azkenean, kanpaina bertan behera geratu zen, hemen aipatzea merezi ez duten arrazoiengatik; baina, hala ere, kanpainak bide pixka bat egina zuen ordurako eta hiru herritarrek bidalia zuten beren aipua edo esaldia.

Lehena, musika eskolako irakasle lituaniar euskaldundu Audrak asmatua da: “zein pozgarria den lituaniar batentzat, Euskal Herri abeslari honetan, musikaren hizkuntza unibertsala euskara zahar, erakargarri eta ederrean erakutsi ahal izatea”. Bigarrena, Ikastolako Zigor zuzendariak bidali zuen: “Nire ama hor dabil "oye chica"-ka. Zure amak, berriz, "no me digas" erantzuten dio. Eta nik "madre, me das merienda?" eskatu diodanean, aurpegia gorri-gorri jarri eta kristoren errieta egin dit: aizu, gu euskaldunak gara eta euskaraz egin behar diegu euskaldunei. Zure amak, kopeta okertuta "egia den, aizan, no se que les enseñan en la Ikastola" gaineratu du”. Hirugarrena, berriz, herriko apaizak bidali zuen, Unai Manterolak: “ez al da gauza ederra kristau garen euskaldunok gure hizkuntzan otoitz egin ahal izatea?”. Lehen esaldian ageri den jarrerak, urrutitik etorritako lituaniar batenak, poza dakarkigu euskaltzaleoi, poza eta itxaropena. Bigarren esaldiak, ikastolatik bidalitakoak, hizkuntzaren gure eguneroko errealitateak duen alderdi kezkagarrienean murgiltzen gaitu bete-betean. Otoitz egin beharko ote dugu, ba, kanpotik etorritakoak erakusten duen zentzuzko jarrera hori bertakoek ere izan dezaten, batere barne koherentziarik erakusten ez duten horiek?

Iñaki Iturain

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!