Han izango naiz!

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Solaberrieta 2014ko eka. 5a, 09:45
Han izango naiz beste berrehun oriotarrekin batera. Urretxutik Deskarga gainera bidean 42. kilometroan izango gara oriotarrak eskutik helduta. Goizeko bederatzietan aterako gara hiru autobus bete-bete, ilusioz gainezka

Gure esku dago ekimenak ez du alderdi eta taldeen atxikimendurik eskatu; herritarren iniziatiba baita autodeterminazio eskubidearen alde diharduena. Orioko alkatea naiz ni, baina euskal herritarra ere bai. Horrexegatik, hautua egin dut: han izango naiz ondokoari eskutik helduta. Ez noa ezeren aurka. Zerbaiten alde egitera noa: euskal herritarrok erabaki behar dugu gure herriaren etorkizuna. Inoiz erabakitzen utzi diezaguten nahi dut. Aurki bada, hobe. Baina, gure esku al dago?

Rosik, Mariluk eta Arantxak Gure Esku Dago ekimenaren proposamena batzordean aurkeztu zutenean, hiru alderdiek aho batez hartu genuen erabakia: autobusaren kostuaren erdia Orioko Udalak ordainduko du: bost euro herritarrak eta bost euro Udalak.

Igandetik aurrera ere saia gaitezen eskutik helduta lanean. Bata bestearen proposamenak entzun eta adostetik sortuko dugu herria. Baina, horretarako, borondatea behar da: lanerako eta adostasunerako borondatea. Borondate kontua bada, gure esku dago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!