ORIOKO EAJK BABESA EMAN DIO ALKATEARI

Erabiltzailearen aurpegia Orioko EAJ-PNV 2016ko abe. 2a, 12:20
Asteartean ohiko Udalbatza izan zen Orioko Udalean, bertan EAJren udal taldeko zinegotziek babesa eman zioten alkateari.

Asteartean ohiko Udalbatza izan zen Orioko Udalean, bertan EAJren udal taldeko zinegotziek babesa eman zioten alkateari, komunikabideetan honen aurka egindako adierazpen batzuen harira. Orioko EAJ osatzen dugunok, bat egiten dugu udal taldearekin zera adieraztean:

  • Orioko EAJ udal talde, Alkatea buru dela, legealdi honetan hainbat eta hainbat gai atera dituela aurrera.
  • Hauek guztiak aurrera eramateko udal talde guztiaren lana dagoela atzetik, eta lan horren ondorioz Orioko Herriari onura ekarriko dien hainbat ekimen martxan jartzen direla Alkatearen eskutik.
  • Gaiak aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izaten dela beste udal taldeekin hitz egin eta adostasunak bilatzea. Denok nahi dugu onena gure herriarentzat eta orain artekoak argi utzi du guztiok gaudela eztabaida eta akordietarako prest. Ahalik eta adostasun maila handiena lortzea da Orioko EAJren asmoa.
  • Orioko EAJk argi du egunerokoan hobetu daitezkeen elementuak egon badaudela eta horretan diardutela udal taldeko kideak egunero. Gure herriak merezi du eta gure onena ematea.

Adierazpenak hitzetan soilik gelditzearen arriskua dute, baina astearteko udalbatzak egindako adierazpenak errealitatean oinarri sendoa dutela nabarmendu nahi du Orioko EAJk. Izan ere, pleno horretan bertan, hainbat proiektu aurrera eramatearen aldeko akordio garrantzitsuak eman ziren. Herriari eta herritarrei onura ekarriko dioten hainbat inbertsio burutzea adostu zen. Arozenako aparkalekuaren handitzea, Itsaspeko malda konpontzea segurtasuna bermatuz, Etxeluzean ere segurtasuna eta egoera osasungarria bermatuko duten egokitzapena, Mutiozabal ontziola eusteko mantentze lanak egitea adostu ziren besteak beste.

Bide batez, komeni da mahai gainean jartzea, gure herrian bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu dugunean, alderdikeriak eta pertsonalismoak albo batera utzi behar direla. Amankomunean dugun helburu honi ez dio batere onik egiten norbanakoen desprestigio hutsa bilatzen duten adierazpenek. Honek ez dio ezer onik ekarriko herriari, agian alderdi batzuei bai, baina Oriori ez, eta hori da gu gehien kezkatzen gaituena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!