Stokholmeko sindromea

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Dorronsoro 2023ko mar. 19a, 13:00
Euskal Herriko artisautza. (Quevedo Burdindegia)

Egoitz Dorronsorok iritzi artikulua idatzi zuen martxoko Karkaran, Moila Bazterretik atalerako.

Kolonialismoa, herrialde edo nazio oso baten dominazio iraunkorra ekarri eta iraunarazten duen prozesua da, zapaltzailearen aberastasunak gehitu eta garapen ekonomikoa sustatzea helburua duena. Asimilazioak, berriz, egoeraren arabera esanahia aldatzen duen arren, kolonizaturiko herrialdeetan, talde minorizatua komunitate zapaltzailean integratzea du helburu, uniformidade kulturala lortu nahian. Bi egoerak estuki loturik egon arren, bigarrena identifikatzea zaila egiten zaigu, bai behintzat gure kasua bigarrena denean.

Mendeak pasa dira kolonizatu gintuztenetik, baita asimilazio prozesua hasi zenetik ere. Hainbeste pasa da, egoera minorizatuan gaudela ere ahanztera iritsi baikara. Gure egoera arrunta izaki, ez gara arazoa ikusteko gai. Asimilazio prozesuan puntu itsu batera iritsi garelakoan nago. Hau da, ez gara itzalaren atzean dagoena ikusteko gai, ez gara erasoak identifikatzeko gai. Biolentzia sinbolikoa denean, alegia, ez dagoenean indarkeria fisikorik, erasoak identifikatzea kostatzen zaigu. Honekin ez dut esan nahi, egun euskaldunon aurkako erasorik ez dagoenik, baina ez ditugu erasotzat identifikatzen. Adibide garbia da euskaraz artatzeko eskubidea nola den baztertua. Askotan euskaldunok hartzen ditugu zapaltzailearen argudioak, gainera.

Zapaltzailearen biolentzia ez identifikatzeak, Stokholmeko sindromea eragin digulakoan nago. Sindrome hau, bahiketa edo bere borondatearen aurkako atxikipen baten biktimak, bere kaptorearekin konplizitate-harreman eta lotura afektibo indartsu bat garatzean sorturiko erreakzio psikologiko bat da, bahitzailea defendatu eta haren kontrako erasoak arbuiatzeraino. Euskaldunak egoera honetan gaudela deritzot, Espainia eta Frantziarekin sintonian, hauek gaizki ez sentitzeko neurriak hartzen. Bi estatu zapaltzaileek baimenduriko mugetan bakarrik arituz, euskararen aldeko politiketan salto kualitatiborik eman gabe. Ondorioz, zoritxarrez gorpuztuak ditugu zapaltzaileen argudioak: "euskaraz ezin daiteke hau egin"; "erdaraz ipini beharko dugu denok ulertu nahi badugu"; "ez izan astuna eta egin erdaraz eta kito!" bezalakoak.

Sindrome horren ondorioz, herri bat garela ahaztu zaigu, folklore huts bilakatuko dira laster gure kultura espresioak, pixkanaka espainiar eta frantziar bat gehiago bihurtzeraino. Bide horretan, jada estatu neoliberalen ametsak jan ditugu, eta 1980-1990 hamarkadetako norbanako askeak izateko nahia, aberats izatekora igaro da, nahi duguna kontsumitzeko aukera askatasuna dela pentsatuz.

Amaitzeko, Txillardegi ekarriko dut gogora: "Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!